Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Zenbatu

2018ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Hasi da gripearen aurkako kanpaina, arrisku taldeentzat eta 65 urtetik gorako lagunentzat. Telebistan eta Interneteko informazio atarietan bolo-bolo dabil txertoa jartzeko iragarkia; izan ere, «prebentzioa» da erremediorik onena. Negua, ordea, iritsi da Eskozian bizi garenontzat. Berokia, lepo-berogarria eta eskularruak jantzita gabiltza kalean. Diotenez, gainera, tenperatura dezente jaitsiko da gaurtik. Beraz, neguko plana prestatzen hasi beharko dugu.

Txapeldunen Ligako futbol partidak, telesail berrien zerrenda, Veneziako eta Donostiako Zinemaldietan kritika onak jasotako filmen izenburuak, lagunekin afariak... halako gauzak. Gehientsuenak, egia esan, barrualdean egitekoak. Eta, tira, pentsatzen hasita, txatxi plan horrekin kasik 65 urtetik gorako pertsona bat ematen dut.

Adin tarte ezberdinetan oinarritutako telebista programazioa 1990eko hamarkadan hasi zen garatzen, telebista kate pribatuen agerpenarekin batera. Audientzia hobeak eta horiei zuzendutako eduki espezifikoak sortu zituzten. Tartean, adinekoentzat egindako programak. Kirola indartsu sartu zen, zuzeneko emisioen eskubideak merke samarrak zirelako. Ondotik, familia giroko hogei minutuko sitcom-ak etorri ziren. Eta, azkenik, fikzioa edo drama. Egun, albistegiekin batera, reality show-ak eta gaueko solasaldiak dira ikusle gehien batzen dutenak.

Ikus-entzunezkoen kontsumo ohiturak aldatzen ari diren honetan, adinez hain gazteak ez diren telebista ikusleak alboratzen dira. Ez zaie ematen merezi duten arreta. Egia da, nerabeen bizi estilo aktiboak eta edukiak kontsumitzeko gailu ezberdinek eraginda, telebista gutxien ikusten dutenak direla. Baina helduek oraindik astean 32 ordu pasatzen dituzte kaxa argiaren aurrean; 65 urtetik gorakoek, 48 ordu.

Erakunde publikoak eta iragarleak, beharbada, audientzia horren potentziala gutxiesten ari dira. Hori diot, izan ere, unibertsitatetik etxerako bidean noala, adineko pertsonak ikusten ditut gehienbat jatetxeen barrualdean. Hau da, haiek dute erosketa ahalmen handiena ziurrenik. Okerra da pentsatzea ikusle hobi hori ohitura zaharretan geldirik eta tinko dagoela; iragarki soil bat haien aztura aldatzeko gai ez balitz bezala. Zenbatu, bestela, emisioan dauden haientzako telebista programak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.