Miren Manias.
EKOGRAFIAK

'Gure' pentsioak

2018ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Akademian lan egiteak ez du garai batean zuen prestigiorik. Jende askok kontrakoa pentsatzen du oraindik, izan ere, sarri egin behar izaten ditut begiekin imintzioak «a, ze ondo, unibertsitatean lanean» komentarioen aurrean. Lan baldintzak prekarioak dira eta kontratuak ezegonkorrak. Egoera horretan ezin dugu etorkizuna gehiegi iragarri eta, nire ustez, jada egokitu gara gehienez urte bateko (edu gutxiagoko) lan agenda izatera—datorrenean batek dakielako zer gertatuko den gure bizitzaz—. Ez dut hasi nahi hitz egiten agiri akademikoak lortzeko presioak gure artean bultzatutako konpetentziaz (eta abar), bestela, aldarrikapen pertsonaleko zutabe kutsua hartuko du honek.

Baina badut lagun bat etengabe kexatzen dena, arazo profesionalak (eta pertsonalak) dituelako. Pilates irakaslea da eta nik baino hamabost urte gehiago izango ditu. Ama izateko erabakia hartu zuen 40 urte eskas bete zituenean. Ondotik, bikotekidearekin adostu zuen haien bi semeen haurtzaroan bera arduratuko zela alboan egoteaz. Ibon eta Ander nagusitu arte, alegia. Beste hamabost urte pasatu dira ordutik eta, orain, lan egonkorra aurkitzea amesgaizto bihurtu zaio.

Eta zer zerikusi du horrek telebistarekin? Tele5ko, La Sextako, ETB1eko, ETB2ko eta Hamaikako albistegien arabera, etorkizunean ez omen da diru nahikorik egongo pentsioetarako. Horregatik, eta astelehenean Nazioarteko Pertsona Nagusien eguna zelako, indar erakustaldia izan zen Bilbon. Pentsio duinak eskatzeko, hain zuzen ere. Protestan parte hartutako askok —25.000 lagun inguru medio batzuen arabera— 700 euro baino gutxiagoko pentsioa dute, lan partzialengatik eta lan ez ordaindu guztiarengatik. Halakoak entzutean pentsakor geratzen zara telebistaren aurrean eta etorkizun beltza ikusten duzu; adibidez, 80 urterekin eta oraindik lanean irudikatzen duzu zeure burua —30 urtetik gora hasi zinelako kotizatzen, batik bat—. Baina, badago pentsakor geratu edota kexatu baino beste zerbait egiteko aukera: aste honetan—urteko astelehen guztietan egiten duten bezala, euria ala edurra ari— Bilboko kaleetara irteten diren pentsiodunei batu. Haien pentsioak, preseski, gureak (izango) direlako; bai eta pentsio duina kobratzen ari direnena ere.

Sarri dut inpresioa, azalean ez tokatuz gero, telebistako irudiak gutxitan egiten ditugula gure.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.