Zibilizazioaren basamortutik

'Dilmun' bigarren diskoa kaleratu zuen urte bukaeran Zestoako Rodeo stoner rock taldeak
Rodeo musika taldea zuzeneko emanaldi batean, iaz, Tolosako Bonberenean (Gipuzkoa).
Rodeo musika taldea zuzeneko emanaldi batean, iaz, Tolosako Bonberenean (Gipuzkoa). BERRIA

Andoni Imaz -

2019ko otsailak 2
Basamortuko doinuek eta Sumerko sinbologiak bat egin dute Zestoako (Gipuzkoa) Rodeo laukotearen bigarren diskoan. Hamabi kantako lan sendoa osatu dute: Dilmun. Stoner rock estiloa bere egina du taldeak dagoeneko, eta duela bi urte aurkeztu zuen lehen lanaren garapena izan da oraingoa. Kalean disko bakarra izanagatik, kontzertu ugari eman dituzte urteotan, baina denbora hartu nahi izan dute kanta berriak sortu, ideiak findu, eta asmo argiarekin aritzeko estudioan.

Herrian bertan grabatu zuten lan berria, Eñaut Gaztañagaren Gaztain estudioan. «Aurreneko diskoan ezagutza fase batean geunden, soinuak probatzen. Oraingoan, ideia argiago geneukan, eta Eñautek asko lagundu digu ekoizpenarekin eta lanketarekin». Rodeoko abeslaria eta gitarrista da Mikel Illarramendi, eta gustura mintzo da Dilmun lanaz. Ortzi Alberdi gitarristak, Beñat Subinas baxu jotzaileak eta Oroitz Urbieta bateria jotzaileak osatzen dute laukotea.

Taldearen izen bereko lehenengo diskoa entzutean, ondo definituta geratu zen zer zen Rodeo: erritmo trinkoak, gitarra grabeak, baxu astunak eta ahots melodikoa. Horrek guztiak garapen nabarmena izan du Dilmun-en. Ahotsaren melodietan egin dute lanik sakonena, Ilarramendiren ustean: «Instrumentazioa aurreneko diskoan nahiko garatua zegoen, baina gutxiago zaindu genituen ahotsaren melodiak». Hark ahotsarekin grabatzen zuen lehen diskoa izan zen aurrekoa: «Gauzak irteten ziren bezala egiten genituen». Oraingoan, garrantzi handia eman diote errepika «itsaskorrak» egiteari, baita koruei ere. Zuzenean apenas egiten zuten korurik lehen, eta disko berrirako bi eta hiru ahotsetara kantatzeko abestiak osatu dituzte. «Mikrofonoa jarri diogu bateria jotzaileari, eta hiru ahots batera abesten egoteak asko eman dio taldeari».

Hitzetan, aldiz, zalantza gutxiago izan dute; argi zeukaten zeri kantatu nahi zioten: «Beti izan dugu garbi musika bide bat dela gure egoera salatzeko». Sistemarekiko desadostasunei hitzak jartzen jarraitu dute bigarren lanean: «Kritika sozial asko egin dugu, eta gauzak horrela doazen bitartean, beti egongo da salatu beharra». Halere, diskoan badaude pasarte «psikodelikoagoak» ere, esanahi zehatzik ez dutenak, entzule bakoitzari bere interpretazioa egiteko aukera zabaltzeko asmoz.

Sumertik tiraka

Badago diskoaren izena, azala eta letra batzuk harilkatzen dituen kontzeptu bat. Hain zuzen, hitzik ez duten bi kanturekin hasi zena: Tiamat eta Marduk. Bi abesti instrumental sortu zituztenean sortu zitzaien zalantza: zein izen jarri haiei? Bata ilunagoa zen, eta bestea biziagoa. Ideia horri tiraka egin zuten topo Mesopotamiako bi jainkorekin. Kaosaren jainkoa zen Tiamar, ur gaziarena, eta Marduk, berriz, arrazionaltasunarena. Hori baliatu zuten bi abestiak elkarrizketan jartzeko.

Illarramendik uste du asmatu dutela diskoa «kontzeptualizatzen». Sumertarren zibilizazioa izan dute inspirazio horretarako. Lokalean erabaki zuten zein ideia nahi zuten adierazi, eta bilaketari ekin zioten ondoren. Horrela sortu zen diskoaren izena ere: paradisuaz gogoetan zebiltzala egin zuten topo Dilmunekin. Paradisua esan nahi du, eta benetan existitu zen enklabe komertziala izan zen ondoren. Paradisuaren eta komertzioaren arteko lotura zuzena egiten du horrek: «Gaur egungo kapitalismoaren zentzuarekin badauka lotura bat. Azaltzen diguten paradisu hau, giza eskubideena, nork bere etorkizuna aukeratzearena, ezinbestean lotuta dago diruarekin: dirurik ez badaukazu, ezin duzu zure paradisu horretaz gozatu».

Dagoeneko hasiak dira paradisuaren atzeko mezu ilunak zabaltzen. Harrera ona izan du diskoak, eta sei aurkezpen kontzertu eman dituzte urtarrilean. Lau lotuak dituzte otsailerako, eta uda bitarteko agenda betetzen ari zaie pixkanaka. Estudiorako egindako lan guztia agertokietan erakustea dute helburu: «Grabatzeko horrelako lana hartu ondoren, zuzenean jotzea da motibatzen gaituena».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna