Artium museoko langileek bertan behera utzi dute greba mugagabea

Adjudikazio lehiaketa hutsik geratu da, eta kontratuaren baldintzak berritzea adostu dute diputazioarekin. Asteartean ziren hastekoak

Hirugarren greba eguna izan zuten atzo langileek. Agerraldi bat egin zuten akordioaren berri emateko. RAUL BOGAJO / FOKU.
aitor biain
2020ko irailaren 12a
00:00
Entzun
Gasteizko Artium museoko bisitarien arretarako langileek bertan behera utzi dute hilaren 15etik aurrera deituta zuten greba mugagabea. Hala jakinarazi zuten atzo, museoaren aurrean egindako agerraldian. Uztailaren azken egunetan hasi zuten lan gatazka, eta, ordutik gaur arte, hiru greba egun izan dituzte adjudikazio lehiaketaren aurrekontuak murrizketak eragingo zituela salatzeko. Lehiaketa hutsik geratu da, ordea, eta lizitazio deialdi berriaren baldintzak aldatzea adostu dute Arabako Foru Aldundiarekin.

Hain zuzen, ostegunean egin zuten akordioa diputazioarekin izandako bileran. ELA sindikatuko ordezkariak Ana del Val kultura diputatuarekin elkartu ziren, eta bertan baieztatu zuten ez zela enpresarik aurkeztu lehiaketara. «Gure irakurketa da enpresek ezin zutela zerbitzua baldintza ekonomiko horietan hartu. Eta zalantza egin zezaketenek bazekiten aurrez aurre izango zutela elkar hartutako lantalde antolatu bat, eta atzera egitea erabaki dute», adierazi zuen Ane Romeo ELAko ordezkariak. Sindikatuak diputazioarekin adostu du adjudikazioa ez dela uztailean argitaratutako baldintzetan egingo; aitzitik, beste deialdi baterako baldintzak berrituko ditu aldundiak, eta langileen eskaerak jasotzeko bideak erraztuko ditu.

Hori horrela, atzo hirugarren lanuzte egunari eutsi bazioten ere, asteartetik aurrera egitekoak ziren greba mugagabea ez egitea erabaki dute. « Jokaleku berri batean gaude, eta, gure helburuak bete direla ikusita, greba mugagabea bertan behera uztea erabaki dugu», adierazi zuen Romeok.

Ohartarazi zuten, halere, ituna sinatu eta baldintza berriak ezagutu artean ez dutela lan gatazka amaitutzat emango: «Gure borroka ezin da amaitutzat jo plegu berriak egiteko prozesua amaitu eta zerbitzua bermeekin lizitatu arte, lanpostu guztiei eta lan baldintzei eutsi nahi badiegu. Horrek, era berean, kalitatezko zerbitzua bermatuko die museoa bisitatuko duten erabiltzaileei». Hain justu, mezu hori bera zabaldu nahi izan zuten hirugarren greba egunarekin; hots, «zerbitzuaren kalitatea berma dezaten gogoraraztea erakunde publikoei eta zerbitzuaren ardura izan dezaketen enpresei».

«Aste gogorrak»

Iragan uztailean hasi zen lan gatazka Artium museoan. Hamasei langilek osatzen dute bisitarien arretarako zerbitzua, baina enpresa azpikontratatu bateko beharginak dira. Museoko zuzendaritzak kontratua berritu nahi zuen, eta, horretarako, beste lehiaketa publiko batera deitu zuen. ELAk salatu zuen, ordea, adjudikazio berriaren aurrekontua %20 txikiagoa zela aurrekoarekin alderatuta, eta, horren eraginez, hainbat lanpostu galduko zirela eta lan baldintzak «nabarmen» okertuko zirela. Museoak ukatu egin zuen adjudikazio berriak lanpostuak kentzea ekarriko zuenik. Gezurtatu egin zuen, halaber, aurrekontua txikiagoa zela, eta ziurtatu zuen sektorearen lan hitzarmen kolektiboa errespetatuko zuela.

Kontuak kontu, langileek hainbat mobilizazio egin dituzte ordutik. Irailean hiru greba egun ere izan dituzte. Romeok adierazi zuen «aste gogorrak» izan direla langileentzat, baina pozik daude lortutakoarekin, eta eskerrak eman zizkieten babesa adierazi dieten bisitari, erakunde eta elkarteei. «Harro gaude grebak izan duen jarraipenaz, eta, gatazka ixteko atarian, askoz ere ahaldunago sentitzen gara langile gisara. Garaipena balitz bezala hartu dugu guk».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.