Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Euskal Filmin

2019ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Telebista irekien denboraldi berrietako saioak alde batera utzita, ordainpeko plataforma digitaletako edukiei heldu nahi diet gaurkoan. Esaterako, Netflix, HBO eta Amazon Prime. Bide batez, gaur estreinatuko dute azken horretan El corazón de Sergio Ramos, eztabaida handiko dokumentala. Ez duzuela hori ikusi nahi? Netflixen Mindhunters (2017-) telesail interesgarria dago. Bereziki, aktore nagusien arteko elkarrizketa mamitsuengatik merezi du ikustea thriller amerikar hori.

Eta ez al dago inguruko herrialdeetan plataforma digitalik? Filmin aipatuko nuke. Ezagutzen ez dutenentzat, Filmin zinema eta telesail independenteak eskaintzen dituen plataforma digital katalana da (eduki komertzialak ere aurki daitezke). Horrez gain, datu base aberatsa ere biltzen du Filminek. 2007an sortu zuten diru laguntza europarrarekin, baina ez zuen benetako oihartzuna eskuratu 2010era arte. Egun, 10.000 izenburutik gora aurki daitezke bertan, eta ia zortzi euro balio du hileko harpidetzak —banaka ere eros daitezke pelikulak—. Gainera, aldi berean bi gailutan erabil daiteke, eta aplikazioetan edukiak lineaz kanpo ikusteko aukera ere badago. Plataforma katalanak Filmin.cat izeneko zerbitzua ere eskaintzen du: telesailak, film laburrak eta filmak katalan hutsez ikus-entzuteko. Filmin, baina, ez da horrekin guztiarekin konformatzen; 2017tik akordio bat du Vodafone Españarekin, konpainiaren telebista plataforman Filminen zerbitzuak eskaintzeko. Noizko Euskal Filmin bat, bada?

Ez dut akziorik erakunde horretan —hori pentsatu baduzue—. Gaurko Ekografiak, hain justu, plataforma katalanean ikusitako azkenaz idazteko ere erabili nahi dut: The Virtues (2019). Ia bost orduko telefilm bat da, lau ataletan banatutakoa, eta Shane Meadows (This is England, 2006) zinemagileak bikain zuzendutakoa. Haurrei egindako sexu abusuen gainekoa da, eta horiek eragiten duten gaitz psikologikoetan sakontzen du. Ez da gai atsegina, egia esateko. Atal bat amaitzean, ez duzu hurrengoa ikusi nahi. Baina mundu errealetik hartutako istorio indartsuak, inprobisazio kutsuek eta aktore nagusien lanak (Stephen Graham eta Helen Behan) harrapatu egiten dute. Epel ez uzteko balio dute eduki independente askok, eta Euskal Filmin bat ez litzaiguke batere gaizki etorriko.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.