Lezamako jaiak

Kantu hotsez hasiko dira jaiak Lezaman

Ekidazu abesbatzak irakurriko du gaur jaien pregoia. Antolatzaileek egitarau oparoa atondu dute irailaren 11ra bitarte
Jaiak hilaren 2an hasi baziren ere, gaurtik astelehenerako egunek izaten dute arrakastarik handiena.
Jaiak hilaren 2an hasi baziren ere, gaurtik astelehenerako egunek izaten dute arrakastarik handiena. BERRIA

Peru Azpillaga -

2018ko irailak 7
Jaietan lagun artean kantatzen, hori da, hain zuzen ere, Ekidazu abesbatzak Lezamako (Bizkaia) jaiei ezarritako leloa. Haiek izango dira aurtengo pregoiaren arduradunak: Fernando Olabarrieta taldeko kideak azaldu duenez, herri osoa kantuan jartzeko irrikan daude.«Poz handia hartu genuen albistea eman zigutenean: ohorea da guretzat, gure abesbatzaren nortasuna plazaratzeko aukera ezin hobea». Baina kantuan jarri baino lehenago, hiru aldarri nabarmendu nahi dituzte pregoiarekin: genero berdintasuna, pentsio duinak eta erabakitzeko eskubidea.

2003an sortu zen Ekidazu abesbatza, euskara elkarteko zenbait kideren euskaltzaletasuna eta musika zaletasuna uztartuz: hasieran, hamar kide ziren, eta orain, 35 kide dira. Abesbatza folklorea zabaltzeko tresna «paregabea» dela diote; batez ere, euskal folklorea. «Gainera, hitz potoloez aparte, oso ondo pasatzen dugu, lagun giro aparta dugu, bidaiak egiten ditugu, eta, azken finean, kantatzeak berak dakartzan onura handiak jasotzen ditugu, bai pertsonalki eta bai kolektiboki», gaineratu du.

Sortu zirenetik urtero egin dute emanaldiren bat Lezamako jaietan, eta aurtengoa berezia izango dela baieztatu du Olabarrietak. «Urtero talde bat gonbidatzen dugu gurekin abestera, bai hurbilekoak, bai estatukoak eta baita atzerrikoak ere». Aurten, Bilboko abesbatza eta ganbera orkestra arituko dira haiekin batera, larunbatean elizan emango duten kontzertuan, 20:15ean.

Orain dela 15 urte sortu bazen ere, Olabarrietak adierazi du Ekidazu abesbatzak «curriculum oparoa» duela. Urtero egiten dute bidaiaren bat, eta, besteak beste, Parisen, Bruselan eta Espainiako zenbait tokitan aritu dira:«Normalean trukeak egiten ditugu beste abesbatzekin, gure kantuak erakutsi eta besteenak ikasteko, baina, batez ere, oso ondo pasatzen dugulako».

Olabarrietak onartu du gaur egun abesbatzek ez dutela «arrakasta handirik; batez ere, gazteen artean», eta horregatik, uste du pregoia aukera ezin hobea izan daitekeela haien jardunaren propaganda egiteko. «Gure nortasuna erakutsiz, jende gehiago erakartzea espero dugu; betiere ahaztu barik kantuak euskara eta euskal kultura hedatzeko aukera izugarria eskaintzen duela». Horregatik, «estrategia berriak» probatu behar dituztela baieztatu du Olabarrietak: ildo horri jarraikiz, aurten eskolako umeekin eta gurasoekin elkarlanean hasiko dira.

Mota guztietako ekintzak

Lezamako jaiak irailaren 2an hasi ziren arren, gaurtik astelehenera arte izaten dute arrakastarik handiena; hortaz, adin eta zaletasun guztietarako ekintzez osatutako egitaraua atondu dute. Gaur, adibidez, odolostearen eguna izango da, eta odolostea egongo da eskuragai jatetxe eta tabernetan. Horretaz gain, umeentzako zein nagusientzako mozorro lehiaketa egingo dute txosnetan.

Bihar, Andre Maria eguna izango da, hots, jaietako egun nagusia, eta tren zerbitzua egongo da gau osoan. Astelehenean, ostera, Bolalekuko jaiak ospatuko dituzte, eta irailaren 13tik 15era, berriz, Kurtzeko jaiak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Peru Azpillaga

Informazio osagarria