Toure detektibea, herri giroan

Herri txiki batean kokatu du Jon Arretxek 'Ez erran deus' eleberria, Toureren saileko seigarrena

Jon Arretxe idazlea, Donostian, Ez erran deus eleberriaren aurkezpenean. JON URBE / FOKU.
Miren Garate.
Donostia
2018ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Herri giroko nobela beltzik inoiz ez zuela idatziko uste zuen Jon Arretxek (Basauri, Bizkaia, 1963), bere printzipioen aurkakoa zela hori. Nobela beltzak hiri handietako auzo baztertuetan kokatu behar zirela esaten zien beste idazle batzuei ere literatura genero horri buruz egiten diren jardunaldietan. Baina printzipioak aldatu, eta Orbe sortu du: Nafarroako Pirinioetan dagoen alegiazko herri txiki bat. Eta Bilboko San Frantzisko auzotik ihesi, hara eraman du Toure detektibe-igarlea. Hala, rural noir estilokoa da Arretxeren Ez erran deus (Erein) eleberria.

«Beti bilatzen dut zerbait berria edo berezia, monotonian ez erortzeko edo nik sentitzeko zerbait ezberdina egiten ari naizela, neure burua ilusionatzeko proiektu berriekin. Desafiomoduan hartu dut», kontatu du idazleak. Nobela beltza herri girokoa izango zela erabaki zuen aurrena. «Herri txiki bat da Orbe, isolatua, bere mania, inbidia eta pertsonaia xelebre eta zoro guztiekin». Eta gero erabaki zuen Toure hara eramatea —pertsonaia horri buruz Arretxek idazten duen seigarren eleberria da Ez erran deus—. «Ezin zuen gehiago aguantatu San Frantziskon, zeren Poliziaren txotxongilo guztizkoa bihurtuta zegoen, haien salataria zen, haien sikarioa, haien enkarguak bete behar zituena...».

Ihes egitea erabakitzen duenean, lagun bati eskatzen dio laguntza, pateran bidaide izan zuen beste afrikar bati. Orbeko gasolindegian lan egiten du hark, han bizi da, eta han ematen du egun osoa, 400 euroko soldataren truke. «Egoera hori erreala da, Altsasun horrela ibili zen nire lagun bat, eta pentsatu nuen txertatu behar nuela istorioa nobelan». Lagunaren bidez, herriko artzain zahar batek kontratatzen du Toure, leku bat egiten dio bordan, ardiak zaintzeko eta hango lanak egiteko. Noizean behin jana eta eskupekoren bat ematen dio, 10-20 euro, baina gainerakoan, lotarako lekua da haren soldata bakarra. «Baina Toureren helburu nagusia da bakean egotea».

Gasolindegiko lagunak eta herriko dendan kutxan lan egiten duen neskak laguntzen diote, baina, gainerakoan, guztia kontra du. Izan ere, ospe txarra du pertsonaiak herrian. Magoa, igarlea edo horrelako zerbait dela uste dute herriko batzuek, batez ere zaharrek, eta benetan sinesten dute animaliak itxuraldatzeko eta desagertzeko gaitasuna duela, izurriteak eragin ditzakeela eta izpirituekin halako nahaste-mahaste bat duela. «Artzaina bera zaharra da, eta burutik eginda dago; abeltzaina ere zoro bat da; aguazilak ere asko izorratzen du Toure, eta apaiza ere oso xelebrea da».

Pertsona batzuen patua

Orbera iritsitakoan, telefonoa itzaltzen du Tourek, eta San Frantzisko auzoan zituen lagunekin ere hausten du kontaktua. Aurreko liburuetan ageri diren Sa Kene, Osman, Xihab eta beste lagunak ez dira ageri Ez erran deus eleberrian. «Baina kontua da Tourek ezin diola bere patuari ihes egin. Ihes egiten du fisikoki Bilbotik, beste mundu batean agertzen da, eta badirudi hor bakean egongo dela». Ez da hala gertatzen. «Pertsona batzuei hori suertatu zaie bizitzan, edonora joanda ere, ezingo diote patuari ihes egin eta izorratuta egongo dira: etorkin txiro paper gabeko baten patua jasan beharko dute». Orbeko giro itogarriarekin du lotura liburuaren izenburuak ere, ukitu nafar eta guzti: «Denek dakite dena, baina kontuz zer esaten duzun».

Hurrengo eleberrian ere Tourek herri horretan jarraituko al duen galdetuta, zera erantzun du Arretxek: «Kostako zait rural noir hauetako beste eleberri bat idaztea, konturatu naiz zeinen zaila den». Orain, azpigenero hori lantzen duten idazleak «miretsi» egiten dituela gaineratu du. «Hirien abantaila da gauza asko gertatzen direla egunero, eta hirietako auzo interesgarri horiek,bazterreko horiek, oso biziak dira. Horietan egonda bakarrik, beste ezer egin gabe, mila ideia ateratzen zaizkizu». Seguru asko, hurrengo kontakizunerako gustuko duen hiri handiren bat aukeratuko duela iragarri du, milioika lagun bizi diren hiriren bat. «Ez da izango Bilbo ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.