Miren Manias.
EKOGRAFIAK

'Barre librea'

2020ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Ez naiz ETB1eko Barre librea saioaren zale amorratua. Hau da, ez naiz ostegunero pantaila txikiaren aurrean jartzen den horietakoa, 22:30ean. Izatez, euskarazko tartearen pilula txikiak kontsumitzekoa naiz gehiago. Sare sozialen bitartez iristen zaizkidanak, hain zuzen ere. Facebook eta Twitter plataformetan oihartzun handien jasotzen dutenak, alegia. Kate bereko Berben lapikoa programarekin antzekoa gertatzen zait. Ez ditut saio osoak ikusten, baizik eta interesatzen zaizkidan lagunen elkarrizketak. Esango nuke bi saioak direla edozein publikori zuzendutakoak; izan ere, adin tarte eta lan esparru desberdinetako gonbidatuak ekartzen dituzte platora. Umorezko bakarrizketak egiten trebatzeko batean, eta bestean, aldiz, haien ezagutza audientziari helarazteko. Bestalde, egungo ikus-entzunezko kontsumo ohiturak kontuan hartuta, zaila da ikusle fidelak izatea, eta saio horiek biak pilulen bidez kontsumitzeko aproposak dira. Areago, ETBko Nahieran zerbitzu gogaikarria erabiltzeko beharrik gabe. Zorionez, pieza interesgarrienak haien webguneetan bilduta daude.

Barre librea-ren lehendabiziko denboraldiaren azken saioa eman zuten atzo. Xabier Euzkitze, Maitena Salinas, Mikel Elizegi eta Kepa Errasti gonbidatuekin. Ikusle fidelak triste samar jarriko direla imajinatzen dut. ETB1eko azken audientzia datuekin alderatuta —%1eko ikusle kuotara nekez iritsi da—, tarte honek nahiko ondo funtzionatu du: %2,4ren bueltan ibili da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Orain arte egindako ibilbidean, saiotik saiora egon den hobekuntza orokorraz gain, emakumeen presentzia indartsua azpimarratuko nuke. Bai kameraren aurreko lanean, baita kameraren atzekoan ere. Aurkezpenean, performancean, gidoian, ekoizpenean, zuzendaritzan, erredakzioan, teknikan eta errealizazioan. Horri esker, produktuan izan da eraginik, eta ikusleriak —kontzienteki ala ez— ikuspegi eta erreferentzia horiek barneratu egin ditu. Zinez, emakumeei emandako garrantzia, edukian zein eszenaratzean, eskertzekoa izan da.

Hemendik aurrera, zer? Sare sozialetan iragarri dutenez, Barre librea-ren lehen denboraldia amaitu da. Beraz, bigarrena egongo den esperantzarekin geratuko gara. Osteguneko ikusle fidelak ez ezik, haragokoak ere kontuan hartuko dituztelakoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.