Festak Etxebarrin

Jaiak, lagunartean askoz hobe

Herriko kuadrillak dira Etxebarriko jaietako protagonista nagusiak. Ez dute aspertzeko betarik izango gaurtik hilabetea bukatu arte

Etxebarriko plaza kolorez betetzen da jaien hasierarekin batera. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Zihara Jainaga Larrinaga.
2018ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Lagunekin batzeko aitzakia ederra izaten dira herrietako jaiak. Festa giroan, gero eta ohikoagoa da lagunartean sukaldaritza lehiaketetan parte hartzea zein taldean mozorrotzea. Etxebarrin (Bizkaia) ere garrantzi berezia ematen diete kuadrillei. Kuadrillak dira jaietako protagonista nagusiak, eta, jai batzordearen parte diren heinean, beraiek antolatzen dituzte egitarauan dauden ekitaldi gehienak. Aurten ere ez dute hutsik egingo, eta, gaur hasita, hamar egunez luzatuko dira. 20:30 direnean, Jon Fernandez nazioarteko boxeolari etxebarritarrak izango du jaiak hasi direla iragartzen duen pregoia irakurtzeko ohorea.

Urteak dira herrian kuadrillen arteko olinpiadak antolatzen hasi zirela. Hasieran, bizpahiru taldek baino ez zuten parte hartzen, eta egun, aldiz, Etxebarriko kaleak kolore festa handi bat bihurtzen dira. Lagun talde bakoitzak kolore nabarmeneko kamiseta eramaten du soinean. Herriko biztanleria handituz doa urtetik urtera, eta kuadrillak ere gero eta gehiago dira.

Aurreko urteko festetan, Beti Erdian kuadrillak irabazi zituen kuadrillen arteko olinpiadak. Bertako kide da Karlos Baz. Jaiotzez Santutxukoa (Bilbo) izan arren, hamalau urte daramatza herrian, eta, urteak pasatu ahala, gero eta gehiago disfrutatzen duela dio. Ez du imajinatzen kuadrillarik gabeko jairik; «ez lukete xarma bera izango». Halaber, euren kuadrilla herrian guztiz integratuta dagoela iruditzen zaio. Familiek, hots, gurasoek eta seme-alabek, elkarrekin osatzen dute kuadrilla. Hori horrela, aurten ere ia ekitaldi guztietan egongo direla ohartarazi diete aurkariei.

Olinpiadak irabazteko gakoari buruz, Bazek dio ekintza guztietan parte hartu eta une oro aktibo izan behar dela: «jaietan saltsan egon beharra dago, horretarako baitira». Hala ere, onartu du iaz irabazi izana «sorpresa handia» izan zela eurentzat. «Ez genuen inondik inora espero». Are gehiago, Etxebarriko San Antonio auzoko jaietan ere kuadrillen lehiaketa egiten da, eta aurtengo ekainean ere euren kuadrilla atera da garaile.

Bazek jai batzordearen lana goraipatu du; aurten, gainera, jaien prestakuntza barrutik bizi izan du, lehenengo aldiz. «Adin guztietarako ikuskizun eta jarduera eskaintza askotarikoa duen egitaraua prestatu dugu». Horretarako, aintzat hartu dute herrian dagoen adin aniztasuna.

Ekitaldi andana

Etxebarriko jaietako olinpiadak hamar eguneko jaiak lotzeko jarduera dira. Hasteko, gaur 20:00etan, kuadrillek jaien hasierako jaitsieran parte hartuko dute, bakoitzak bere janzkerarekin. Ekitaldi gastronomikoek eta azken eguneko herri bazkariak ere izango dute tokia festetan: bihar, paellak egingo dituzte; igandean, tortillak; eta, hilaren 28an, gisatu txapelketa. Lehiaketa gastronomiko horietan parte hartzearekin soilik, kuadrillek puntuak lortuko dituzte. Horrez gain, garagardo kutxekin dorreak eraikitzeko jolasa egingo dute asteartean. Hurrengo larunbatean, uztailaren 28an, sokatiran ariko dira, nor baino nor gehiago. Eta adinen araberako ginkanak ere antolatu dituzte zenbait egunetan. Azkeneko egunerako, mozorro lehiaketa prestatu dute.

Gaur arratsaldean, txupinazoaren aurreko kalejirarekin eta txarangaren laguntzaz murgilduko dira kuadrillak Etxebarriko jaietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.