Santakrutzak Galdakaon

Eraso sexisten aurkako dantzaldia

Erabide elkarteak antolatuta, 700 pertsona bilduko dira igandean udaletxeko plazan, eraso sexisten aurka dantzan egiteko
Jendetza batu zen iaz udaletxe plazan egin zuten <em>flashmob</em>-ean. Igandeko dantza saioa ere hala izatea espero dute.
Jendetza batu zen iaz udaletxe plazan egin zuten flashmob-ean. Igandeko dantza saioa ere hala izatea espero dute. BERRIA

Lander Muñagorri Garmendia -

2018ko irailak 7
Ugariak dira azken urteetan Euskal Herriko jai eremuetan sexu erasoen aurka antolatzen ari diren jarduerak. Ugariak eta anitzak. Galdakaon (Bizkaia), esaterako, autodefentsa feministarako tailer batzuk antolatu ditu Erabide emakumeen elkarteak, baina ekitaldi nagusia igandean egingo dute; izan ere, eraso sexisten aurkako dantzaldi bat antolatu dute udaletxeko plazan. Duela bi urte hasi ziren antolatzen, eta arrakasta itzela lortu dute. Aurten, 700 kamiseta egin dituzte dantzaldian parte hartzen dutenek soinean eraman ditzaten, eta dagoeneko denak banatu dituzte. Beraz, badago nahikoa arrazoi pentsatzeko igandekoa ere arrakastatsua izango dela.

Dantzaldi horretan, Go!azen telesailak uda honetarako atera duen abestia dantzatuko dute, eta, horretarako, bideo bat grabatu dute dantzaren pausoak zeintzuk diren erakusteko. «Gure helburua plaza betetzea da», azaldu du Miren Alapont Erabide elkarteko kideak. Eraso sexisten aurkako mezua duten urdin koloreko kamisetak banatu dituzte dagoeneko, baina udalak antzeko leloak dituzten zapi, kartel eta itsasgarriak ere banatuko ditu herrian; hori dena Galdakaoko herritarrak kontzientziatuz joateko erasoen aurkako jarreraren inguruan.

Santakruz jaiak gaur hasiko dira Galdakaon, eta 160 jarduera inguru antolatu dituzte hilaren 16ra arte. Horietan guztietan lehena pregoia irakurtzea eta txupinazoa izango dira. Aurten, gainera, Erabide elkarteak izango du jaiei hasiera ematen dien pregoia irakurtzeko ohorea. «Lehen aldiz proposatu gaituzte hautagai moduan, eta hautatuak izatea pozik egoteko arrazoi bat da», Alaponten arabera. Kontuan hartu behar da, gainera, emakumeen elkarteak 25 urte bete dituela aurten, eta horregatik «ospakizun urte amaitzeko modu on bat» dela azaldu du.

Atzera begira jarri, eta Alapontek dio elkartea sortu zenean emakumeentzako jarduerak antolatzen hasi zirela. «Josi, hizkuntzak ikasi, txangoak egin...». Garatuz joan da haien funtzioa, eta, azken urteetan, erakundeen laguntzarekin batera, ikastaro ugari antolatzen ari dira. Besteak beste, autodefentsa feminista tailerrak. «Igartzen da azken urteetan aldaketa bat gertatzen ari dela, baina zerbait orokorra da, elkarte guztietan sumatzen da hori; beste sentsibilizazio bat dago». Galdakaon bertan, lan horretan dihardute Erabidetik.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna