Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Akordatzen naiz telebistaz

2020ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Akordatzen naiz Eurovision ospe handiko jaialdia zela —«Royaume Uni, three points»—, guztiz modernoa, eta Espainiak Massielen La, la, la kantarekin lortutako garaipenak sekulako oihartzuna izan zuela.

Akordatzen naiz ikaragarri harritu nintzela OHOko 8. mailakogaurko DBH2, gutxi gorabehera Literaturako liburu batean Tip y Coll TVEko bikote komikoaren testu bat ikusi nuenean.

Akordatzen naiz txirrindularitzako emanaldi bakan batzuk izaten zirela telebistan, aurretik Eurovisionen logotipoa eta musika jarrita: Tan-tan-tatatata-taaaaa-tan...

Akordatzen naiz Azkoititik Getariara (Gipuzkoa) joaten zela jendea Tourreko etapak ikustera, haraino iristen zelako Frantziako telebistaren seinalea, eta taberna batzuetan jartzen zutelako.

Akordatzen naiz telebistan Antonio Merceroren La cabina ikusi eta gero izutu egiten nindutela telefono kabinek.

Akordatzen naiz Amatiño agertzen zela Kalabaza tripontzia filmean.

Akordatzen naiz Elene Lizarraldek eta Xabier Zalduak Hitz eta pitz aurkezten zutela.

Akordatzen naiz Hasier Etxeberriak Zopa haundi aurkezten zuela; Martxelo Otamendik, Babel; Imanol Agirrek, antzerkiari buruzko saioa.

Akordatzen naiz Ines Intxaustik egin zituela —zorrotz eta ikonoklasta— telebistako kritikak Euskaldunon Egunkaria-n, eta Joxe Azurmendik, etxean aparaturik ez zuenez, haien bidez «ikusten» zuela telebista.

Akordatzen naiz igande eguerdi askotan, mendi buelta egitera joanda, baserri atari dezentetan entzuten nuela Hitzetik hortzera saioaren soinua.

Akordatzen naiz bi idazle ezagunek telebistako saio berean egiten zutela lan gidoilari gisa, bata ETA publikoki gaitzesten zutenetakoa izan arren eta bestea ez, eta hori harrigarria zela.

Akordatzen naiz Joxerra Garziak izenburu bikaina zeukala pentsatua gero, nik dakidala behintzat, inoiz idatzi ez zuen artikulu baterako: ETA, ETB, etc.

Akordatzen naiz euskal idazle ezagun batek, Durangoko Azokan, zakar uxatu zituela adierazpen bila joan zitzaizkion kazetariak: «ETBrentzat? Utikan!».

Akordatzen naiz Maddalen Iriartek Miren Azkarate elkarrizketatu zuela ETB1en, eta miretsita utzi nindutela biek, elkarrizketagileak eta elkarrizketatuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.