Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Milennial batzuen Londresen barna

2021eko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Filmek eta eleberriek bezala, telesailek ere ezagutzen ez ditugunmunduak gerturatzen dizkigute sofa aurrera, abantailekin gainera filmen eta eleberrien aldean: eleberrietan irudimenaren esku geratzen da pertsonaien eta gertalekuen itxura eta telesailek diren bezalatsu ikusteko aukera ematen dute; filmekin alderatuta, luzeak direnez, telesailek xehetasun gehiago eskaintzeko aukera dute, errealitate beraren adar gehiago.

I May Destroy You telesailak (HBO, 2020) gaur egungo —tira, atzoko, hau da, pandemiaren aurreko— Londresko milennial batzuen mundua ekartzen digu sofara, oso modu sinesgarri eta entretenigarrian, gordintasunari uko egin gabe baina gordintasun horretan alferrikako gehiegikerietan pozoitu gabe, oreka zail horri ondo eutsita.

Askatasun sexualaren B aldea edo alde iluna, alde basatia, erakusten du, besteak beste, Michaella Coelek zuzendu eta aktore nagusi ere bera duen telesailak, bortxaketa baitu gai nagusi, bortxaketaren ondorio psikologikoak zehazki. Milennial ez garenok asko ikasi behar izan dugu gai honetaz, bortxaketa zer zen ikasi berri genuen garaian ez baitzen harritzekoa, adibidez, irakasle ezkertiar batek boladan zegoen esaldi haren berri ematea ikasleei: «Bortxatzen bazaituzte, lasaitu eta gozatu». Horrelaxe, irribarrez eta beste oharrik gabe, gaur egun, zorionez, ezinezkoa izango litzakeen patxada lasaian.

Coelen telesailean agerpen handia duen beste gai bat sare sozialekiko obsesioarena eta gehiegizko dependentziarena da. Kasu honetan, gainera, sare sozialek, neurri batean bederen, literaturaren lekua nola ari diren bereganatzen ere erakusten du. Ez dira horiek gai bakarrak. Matxismoa, arrazismoa, homofobia kapitulu guztietan agertzen dira, aldez edo moldez, eta migratuen eta haien seme-alaben jatorrizko hizkuntzaren gaiak ere badu islarik.

Gai guztiei manikeismorik gabe heltzen die telesailak, pulpitu batetik egindako predikuaren itxurarik hartu gabe eta argi-ilun ugariko pertsonaien bidez. Heroirik eta antiheroirik gabe, beste herrialde batean eta beste giro batean bizi arren egunero inguruan ikusten dugun jendearen antza ere baduten pertsonaiekin.

Iazko telesailik laudatuenetako bat da I May Destroy You. Hemen aipatutakoak horretara eraman duten motiboetako batzuk baino ez dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.