Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Telebista ala irratia?

2021eko urriaren 5a
00:00
Entzun
Aurreko astean Lander Arretxeak bi konfesio egin zituen: alde batetik, Gazteako Youtubeko kanalean jada ikusgai dagoen Zulora saioaren atzean dagoela; eta bestetik, ez duela sekula irratia entzun. Bigarren konfesioarekin nahiko harriturik geratu nintzen. Ni irratiarekin hezi naiz. Eskolara joan baino lehenago, Mariano Ferrerren El Kiosko de la Rosi saioa entzuten nuen gosaltzen ari nintzen bitartean. Gurasoek sukaldean beti zuten irratia piztuta, eta eskolatik itzultzerakoan amarekin saio asko entzuten nituen etxeko lanak egiten nituenean.

Landerrek ondo azaldu zuen bezala, irratiaren formatua aldatu egin da eta Yoko Ona saioa bezalako bideo formatuko podcasta oso gustura ikusi eta entzuten da. Bitxia da Gaztea irratiko Youtubeko kanalean argitara eman diren formatu berriak. Yoko Ona-z gain, Daniel|a| websaila dago eta Hiru Damatxok sortutako Zulora saioa.

Gazteek, agian, irratia gutxiago entzuten dute eta sare sozialetan denbora gehiago ematen dute. Horregatik, oso garrantzitsua iruditu zait emakume gazteek sarean jasaten dituzten erasoak izatea Zulora saioaren lehenengo gaia.

Ane Zuazubiskar aurkezleak Marina Landa, Maialen Arteaga eta Irati Erauskinekin solasaldi oso interesgarria eraman du aurrera. Gaia ikuspuntu desberdinetatik jorratzen da eta kaleko iritzia ere jasotzen dute. Gonbidatuen testigantzak eta iritziak oso argiak dira eta kontzientzia sorraraziko duen saioa dela uste dut. Hurrengo astean saio berri bat argitaratuko da eta gaia zein izango den jakiteko irrikitan nago.

Zulora irrati batentzako telebista saioa dela esan daiteke edo agian irratiaz ahaztuko gara eta Youtuberako telebista saio bat dela esan beharko dugu. Landerri hemendik erantzun nahi diot, eta uste dut bideoak, agian, irrati izarra akabatu zuela. Gaur egun irrati aparatu gutxi daude etxeetako sukaldeetan eta irratia entzuteko bestelako gailu eta formatuak erabiltzen ditugu. Horretatik guztitik albiste oso on bat dugu, formatu berriak sortzen ari dira eta EITB dirua jartzen ari da. Urte asko daramatzagu euskarazko produkzioen falta kritikatzen eta behingoz gauza berriak iritsi dira formatu nahiko berritzaileetan. Beraz, ospa dezagun eta piztu zure telebista, irratia edo nahiago duzun gailua!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.