Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Irratia telebistan

2022ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Irratiarekiko dudan zaletasuna aitortu izan dut noizean behin tarte honetan. Magikoa iruditzen zait ahots batzuek beste mundu batera eramateko aukera izatea. Irratia piztearekin bat, zure burua beste toki batera joan daiteke: albisteak entzutetik, musikaren munduan sortzen diren abesti apartak entzutera. Aspaldi ez dut irrati aparatu bat pizten. Nire gurasoen etxera bisitan joaten naizenean, gosaria prestatzen dugunean irratia beti piztua dago, eta etxe horretan bakarrik pizten dut aparatua. Egunerokoan sakelakoan entzuten dut irratia, baina azken boladan podcastek irratia entzuteko tarte hori kendu didate. Podcast formatuak arrakasta handia du gaur egun, eta formatu horretatik bideo formatu berriak sortzen dira. Besteak beste, podcast asko Youtuben ikusgai daude, eta oso ohikoa bihurtu da irratia pantaila txikian ikusi eta entzutea.

Youtuben ikusteaz gain, telebista kateek eta plataformek podcastak beraien edukien artean jarri nahi dituzte. Movistar Plusek hala egin du Dani Rovira eta Arturo Gonzalez Camposen Mi año favorito saioarekin. Saio hori Andreu Buenafuenteren Late Motive-n hutsunea betetzen saiatu da, baina horretan geratu da.

Buenafuente pantaila txikira itzuliko da, Berto Romerorekin duen Nadie sabe nada-ren bidez. Podcast hori SER katean hasi zen eta formatu guztietatik pasatu da. Hasieran, SER-en entzuten zen, gero podcast formatuan arrakasta lortu zuen, eta Youtuben ikusgai egon da. Formatuari buelta bat eman diote, eta larunbatetik aurrera HBO Maxen ikusgai egongo dira Buenafuenteren eta Romeroren komeria berriak.

Buenafuentek eta Romerok irratia streaming plataformetara eraman dute. Gaur egun, irrati aparatu gutxi saltzen diren garaian, irratia egitearen prozesua telebistan dugu ikusgai. Argi dago mikrofono baten aurrean jartzea gustuko dugula, eta bertatik esaten dena entzutea, askoz gehiago. Jon Martijak igandean txio batean aipatu zuen bi milioi podcast saio daudela gaur egun, eta ia 48 milioi kapitulu daudela entzungai. Agerikoa da esateko gauza asko ditugula; entzuteko, are gehiago. Formatua aldatzen joan da azken urteotan. Irratigintzaren eta podcasten etorkizuna zein izango den oraindik ez dakigu, baina argi dut telebistaren aurrean baldin bada ere, ahotsak indarra duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.