Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Desagertu bat Zinemaldian

2018ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Donostia, 2018ko iraila. Europako Kultur Hiriburutzak eman ditu fruituak: turista uholdeak espero bezainbeste egin du gora. Herritar batzuen haserreak ere bai. Auzoan tokirik ez dutela-eta, gazte talde batek alde zaharreko ikastola zen eraikin hutsa hartzea erabaki du. Oraingoz, desalojorik gabe.

Alkatea eta udal gobernuko alderdiak ez daude eroso. Gutxi falta da hauteskundeetarako, eta SSIFF zinemaldia gainean izanda, ez da hautsak harrotzea komeni. Bigunegi agertzea ere arriskutsua da ordea. Asko dira hiriari begira dauden hedabideak.

Ikastola hartan ikasle izana da euskarazko film handi bateko protagonista. Zinemaldiak bere ibilbideari bultzada emango diola badaki, ate berriak irekiko dizkiola. Bereganatuko duen arreta kausaren alde erabili behar lukeela iruditzen zaio baina. Filmaren ekoizle nagusiak beldurtzen du. Kontaktu zerrenda luzea du eta mesedea zor dioten goi-karguak ez dira gutxi. Nahi badu, betiko hondoratuko du.

Sarietarako kiniela nagusietan beste izen bat da ageri dena: zuzendari gazte eskandinaviarrarena. Hainbat jaialditan eman du zeresana, herri xeheak oraindik ezagutzen ez badu ere. Harritzekoa da: ez da filmaren aurkezpenera agertu. Zinemaldia lehen aldiz kubritzen duen kultur kazetariarekin egindako elkarrizketa laburra da azken agerpen publikoa. Geroztik, inork ez daki ezer.

Galderek bete dute zuzendariaren hutsunea: Bere kabuz galdu da festazale fama baduen eskandinaviarra? Estrategia komertzial bat da agian? Edo ez ote da turistak uxatu nahi dituen talderen baten ekintza izango? Zinemaldia amaitu aurretik agertzen ez bada, saritu daiteke? Nola kudeatu krisia hiriaren eta SSIFF zinemaldiaren nazioarteko irudia kaltetu gabe? Nor da inor gutxik ezagutzen duen kazetari hori? Nola eragingo dio horrek gero eta antolatuagoa den gaztetxeari?

Irakurritakoak errealitatearekin antzekotasunik badu, kasualitatearen fruitua da. Ez da telesail baterako ideia kaskar bat besterik. Baina balio dezala argitzeko: erraza da klase guztietako thrillerrak gure gertuko errealitatean kokatzea. Gaur egungo gatazkak telebistako fikziora eramatea ere bai. Zinemaldiak urtez urte frogatzen duen moduan, horretarako gai diren profesionalak egon badaude. Haiek ere desagertuta daude ordea; bai, behintzat, telebistatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.