Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Klase politikoaren drama

2019ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
The Brexit Storm: Laura Kuenssberg's Inside Story (Brexit-aren ekaitza: Laura Kuenssbergen barne istorioa) ordu bateko dokumentala ikusi nuen herenegun. BBCk ekoiztu du eta Youtuben dago ikusgai, ingelesezko azpidatziekin. Telebista publikoaren editore politikoa da Kuenssberg, eta kazetaria bederatzi hilabetez aritu da brexit-ari jarraipena egiten. Kamera batek atzetik segitu dio, brexit-aren nondik norakoak klase politikoaren ikuspuntutik kontatzeko. Euskadi Irratiko berriemaile Mikel Rotaetxek ondo jaso zuen Twitterren: «Westminsterreko labirintoan barrena. Brexit-aren B aldea, kaos honetako protagonisten begietatik». Arrazoirik ez zaio falta Rotaetxeri, izan ere, Kuenssbergen lana dokumentalaren oinarria den arren, Komunen Ganberako politikarien adierazpenak dira istorioaren mamia.

2018ko udan du hasiera lan horrek, brexit-a indarrean sartzeko 38 aste falta zirenean, hain zuzen ere. BBCko kazetariak Theresa May lehen ministroaren ahulgune politikoetan sakontzen du batik bat. Besteak beste, Londresek Europako Batasunarekin adostu nahi duen akordioaren joan-etorrien, alderdi kontserbadoreko barne zatiketaren, oposizioaren presioaren, etxeko hedabideen eraginaren eta Bruselarekin izandako tirabiren bitartez. Kontakizuna 2019ko martxoaren 29an amaitzen da; brexit-a indarrean sartu beharko litzatekeen egunean, alegia.

Zazpi egun igaro dira ordutik eta, gaur-gaurkoz, herrialdean bizi garenok ez dakigu zer gertatuko den brexit-arekin. Ezta gure egoerarekin ere. Hitz bitan, surrealista da. Dokumentalak Dalia Grybauskait? Lituaniako presidentearen adierazpenak jasotzen ditu, eta ondo laburtzen dute Rotaetxek azpimarratzen duen «kaosa»: «Europako Batasunak ez daki Erresuma Batuak zer nahi duen, baina herrialdeak ere ez daki zer nahi duen». Dokumentalean, halere, bestelako ikuspegien hutsunea sumatu dut. Esaterako, kaleko jendearen edota Londresen finkatuta ez dauden alderdi politikoetako kideen iritziak. Horregatik, brexit-aren korapiloa edo eztabaida hainbeste baldintzatu dute medioek non ia inork ez dakien benetan zer gertatzen den. Kuenssbergek hala dio dokumentalaren amaieran: «Drama honetako aktore orok du erantzukizuna». Klase politikora murriztutako drama bilakatu da brexit-a.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.