Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Nahieran erabatekoa

2020ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Errealitate bakar eta aldaezina dago, aurrez erabakia eta finkatua, halabeharrezkoa, ala aukera guztiek dute beren errealitatea unibertso askotarikoan, multibertsoa deritzon horretan? Hori da Alex Garland zuzendariak Devs telesailean (2020) planteatzen dituen dilema nagusietako bat.

San Frantziskoko (AEB) konpainia teknologiko oso aurreratu eta sofistikatu batean iraganeko edozein garaitako eta edozein lekutako irudiak ikusteko eta soinuak entzuteko aukera lortu dute zientzialariek, Jesu Kristoren gurutziltzaketarenak eta konpainiako buru Foresten alaba Amaya zenaren jolasenak, besteak beste. Foresten emaztea eta alaba istripu batean hil ziren, eta galera horrek obsesionatuta bizi da.

Denboraren makinarik ez dago Devs-en, baina bai pantaila batean iraganeko eta etorkizuneko irudiak ikusi eta soinuak entzuteko aukera —hasieran garai bateko Canal Plus kodetuaren antzera, baina gero koloretan eta definizio ikaragarri onarekin—, ETBko Nahieran atarian ETBk aurretik emandako saioak ikusi eta entzun daitezkeen moduan, baina askoz bizkor eta erosoago, aitaren batean joateko aukera baitago mende batetik bestera, munduko edozein lekutatik beste batera, edozein pertsonaren bizitzako edozein unetara. Nahieran erabatekoa.

Forest Amaya zenaren irudiei begira harrapatzen du une batean Lilyk, telesaileko beste protagonista nagusietako batek, eta galdetzen dio: «Hau da lortu duzuen guztia, alabari buruzko bideo bat?». Hori baino askoz gehiago dela erantzuten dio Forestek, baina une horretan telesailaren sinesgarritasunak kirrinka egiten du, zaila baita sinestea egun batean iragana ikusteko aukera baldin badugu bideo pantaila batean bezala ikusiko dugula. «Non zeuden kamerak eta mikrofonoak, eta nork jarri zituen han?», galdetzen dio bere buruari ikusleak, ironia puntu batez eta istoriotik erabat irtenda, Forest begiratzen ari den pantailan Jesu Kristo gurutziltzatua agertzen denean, edo Amaya neska txikia jolasean, orain angelu batetik, gero bestetik, travelling batean...

Hala ere, galdera interesgarriak planteatzen ditu Devs-ek, erritmo pausatuz —batzuetan gehiegizko lirikotasunez— eta aktore bikainen laguntzaz, eta ohera, nahi ez baduzu ere, buruari bueltak emanez bidaltzen zaitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.