Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Asmo ederrak maldan behera

2020ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Sare sozialetako komentario batzuek horretara bultzatuta ikusi dut Laurence Attaliren Tabaski (Filmin, 2019), ordu erdi inguruko film labur senegaldarra. Definitzen zaila da; «fikzioa, artea eta politika nahasten dituen film hibridoa» dela dio plataformako aurkezpenak, eta ez da gezurra. Deskribatzeko, berriz, esan daiteke alaia, koloretsua, musikala eta bizitasun handikoa dela; ez, ordea, bizitasun handikoa erritmo bizikoa delako, bizitasun pausatu eta lasaia baita film horrena.

Senegalen Tabaski eta Afrikako beste herrialde batzuetan beste izen batzuk dituen festan —Edi al Adha, Ald al-Kebir, Tafaska..., Koraneko jainkoari eskerrak ematen zaizkio Abraham profetaren seme Ismael (Biblian, Isaak) hiltzetik salbatzeagatik, bildots bat emanez semearen ordez sakrifikatzeko. Ospakizun zabaldua da Afrikako herrialde askotan, eta erritu nagusia bildots baten sakrifizioa du.

Jolas sinbolikoa eginez bildotsaren sakrifizioa Afrikako politikari ezagunen hilketekin lotzen du filmak, sakrifizio horien amaieraren aldeko aldarria eginez, ia-ia elkarrizketarik gabeko eta offeko ahotseko pasarte urri eta laburrekin, irudiari, koloreari, musikari eta pertsonaien irribarreari pantaila alaitasunez eta bizitzaz betetzen uzteko. Oso elementu xume eta soilekin karga poetikoa handia bereganatzen du.

Ez dira gure artean oso ikusiak Afrikako filmak baina Tabaski-k gainditu ditu muga gotor batzuk eta iritsi da honaino. Eremuak zinemaldia etorri zait gogora, mundu osoko eremu urriko hizkuntzen zinemaldia, nahiz eta, berez, Tabaski-k ez zuen jaialdi hartan parte hartzerik izango, frantsesa baitu hizkuntza, eremu aski zabalekoa.

Zarautzen egin zen Eremuak jaialdia 1994, 1995 eta 1996an. Euskarazko filmekin batera, munduko eremu urriko hizkuntzetakoak eskaini zituen 1994, 1995 eta 1996an: galizierazkoak, katalanezkoak, friulerazkoak, kurduerazkoak, kymruerazkoak, estonierazkoak, aimarazkoak, woloferazkoak, banbarazkoak, Gineako kreolerazkoak... Ez zuen luze irauterik izan, ordea, dirulaguntza faltaz. Memoriaren hurrengo katebegian Ruper Ordorikaren kantu baten errepika hasi zait buruan kolpeka: «Asmo ederrak aire zabalean desegin dira, asmo ederrak maldan behera amildu dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.