Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Ez onena! Bai merkeena!

2021eko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
«Animan sentitutzen det miña / zuri ofensa ori egiña, / madiziyua!; / ez dakit non dedan juiziyua, / eskatzen dizut barkaziyua». Bilintxen Juana Bisenta Olabe bertso sorta ezaguneko esaldi horrekin eskatu nahi diot barkamena, lerro hauetatik, ETB1i, joan den osteguneko zutabean datu okerra eman nuelako: Twitteren hala irakurrita eta beharrezko egiaztapena egin gabe, adierazi nuen ETB1en asteleheneko Gaur egun albistegian ez zela Baionan Poliziak tiroz hildako emakumeari buruzko albistea agertu ere egin, baina hori ez da egia; astelehen eguerdikoan eta astelehen iluntzekoan, bietan agertu zen albistea, Franck Dolosorrek emana. Artikuluaren Interneteko argitalpenean zuzenduta dago nire okerra.

Dena den, nire oker horrek ez dio funtsezko aldaketarik eragiten osteguneko nire artikuluaren kritikari, jakina. Nire irudipena da, gainera, kritika horrekin gero eta euskaldun gehiagok egiten dutela bat, eta, esan gabe doa, euskaltzalerik gehienek. Andoni Aizpuruk hilaren 10ean Naiz-en —Andoni Urbistondo kazetariak egindako elkarrizketan— egindako adierazpenak eta Leire Narbaizak joan den ostiralean Gipuzkoako Hitza astekarian argitaratutako artikulua —Kantu afariko begiluzeak gara— gertu ditugun bi adibide dira. Osorik irakurtzekoak biak ere.

«Gaur-gaurkoz agerikoa da sos handiena ETB2ra bideratzen dela», adierazi du Aizpuruk, «eta ETB1en programazioa betetzeko joera dagoela, Egun on Euskadi, Ahoz aho edo Biba zuek! bezalako saioekin. Saio luzeak denak, bi ordukoak. Zehaztu nahi nuke ez dudala gustuko saioak kritikatzea, dauden bitarteko apalekin egiten dutena egitea oso zaila delako».

«Prime time-an kantu afari bat», dio Narbaizak, «inongo herri telebistak emango ez lukeena. Diru gehien duen euskal katea euskaldunoi gutxi irizten. Betegarri lanak egiten ikusleak aintzat ez hartzen. Nahita egiten dute, tontotzat gauzkate, edo berdin zaie? Ez dakit aukera guztien artean zein den okerrena».

Ez merkeenak! Bai onenak du izenburu Lander Garrok euskarazko publizitatearen aitzindariei buruz idatzitako liburuak (Alberdania, 2006), Errenteriako Fanderia auzoan saltzen ziren pentsuen iragarkiko lelo historikoaren omenez. ETB1ek kontrako bidea darama aspaldi handian: Ez onena! Bai merkeena!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.