Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Zer konpromiso? Zer ausardia?

2021eko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Kazetaritza «konprometitua eta ausarta» egiten jarraituko omen du EITBk, baina «konfrontaziorako» elementu bihurtzea saihestuz. Hala adierazi du Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiak Eusko Legebiltzarreko EITBren Kontrolerako Batzordean, PP+Cs taldeak Altsasu telesailaren emanaldiari buruzko azalpenak eskatutakoan. Bide horretan lehen pausoa zein izango den ere esan du: zentsura ideologikoa eta botere espainiarrarekiko mendekotasun zintzo eta otzana: ez dute jarraipenik izango Altsasu telesailaren antzeko fikzio-saioek, «desadostasunak» eta «polarizazio politikoa» eragin ditzaketelako.

Nekez egin zezakeen Aldekoak konpromiso eta ausardia gutxiagoko adierazpenik aldi berean konfrontazioari bidea emanez. Konfrontazioa, jakina, ETB1en ikusle gehienekiko, oso harrera ona egin baitiogu, oro har, Altsasu telesailari; inola ere ez, nola ba!, Guardia Zibilaren ohorea kosta ahala kosta defendatzen tematzen diren alderdi politikoekiko, zeregin zinez nekeza herri honen historia pixka bat ezagutzen duen edonorentzat. A zer konpromisoa! A zer ausardia! A zer bakezaletasuna! Harritzekoa ere ez da. EITBren ohiko jokabidea da horrelakoetan.

Altsasuko kasuaren dokumentazioan oinarrituta dago Altsasu telesaila. Kontakizuneko gertakari nagusi den istiluaz, borrokaz edo dena delakoaz frogatutzat eman dena baino ez du kontatzen, eta epaiketari buruz jasotakoak ere epaiketa bera du oinarri sendo eta bakar. Pertsonaien alderdi pertsonalak baino ez dira gidoilariek beren irudimenetik sortuak. Are gehiago: egileak saiatu ziren guardia zibilen ikuspuntua jasotzen, baina haiek ez zuten hitz egin nahi izan. Zergatik da «konfrontaziorako elementu» hain kontu handiz egindako telesail hori, askoz ere zorroztasun historiko gutxiagorekin eta askoz ere ikuspegi ideologiko markatuagoarekin egindako beste batzuei buruz horrelakorik aipatu ere egin ez denean?

Ez dago euskarazko fikzioari adierazi zaion penalti lotsagarri hau zuritu dezakeen VARrik. Begiratzen zaion tokitik begiratzen zaiola ere, ez da Altsasu horrela zigortzeko moduko ezer ikusten, ez baldin bada zigorgarritzat hartzen botereari eta haren babesleei egindako kritika oro. Hori zilegi da, ordea, frankismoaz geroztik borboitar erresuman, ezta?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.