Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Kapelarik gabe

2021eko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Luisa Carnes, Mada Carreño, Margarita Neiken, Silvia Mistral, Victoria Duran, Maria Dolores Arana eta Carlota O'Neill. Guztiz ezezagunak zitzaizkidan izen horiek, harik eta joan den igandean, Espainiako La2ek —dokumental onak eskaintzeko bere ospeari fidel—, Las Sinsombrero saileko hirugarren dokumentala eskaini zuen arte, El exilio, 36ko Gerraren ondoren erbestera jo behar izan zuten Espainiako hainbat emakume intelektuali eskainitakoa (martxoaren 22ra arte dago ikusgai).

Dokumentalak jakin-mina piztuta, Internetera jo nuen informazio gehiagoren bila. Horrela jakin nuen, igandeko dokumentaleko protagonistez gain, Ernestina de Champourcin, Maria Teresa Leon, Concha Mendez, Maruja Mallo, Maria Zambrano, Rosa Chacel, Josefina de la Torre, Margarita Manso, Delhy Tejero, Angela Santos, Josefina Bolinaga, Concha Albornoz, Marga Gil Roesset eta Rosario de Velasco ere Las Sinsombrero taldeko kidetzat jotzen direla. Horiek gutxienez; eta gehiago ere izango da akaso.

«Las Sinsombrero (Sonbrerugabekoak), 1898 eta 1914 urteen artean jaiotako 27ko belaunaldiko emakume pentsalari eta artista espainiarren talde baten izena da», irakurri dut Wikipedian. Maruja Mallo, Margarita Manso, Salvador Dali eta Federico García Lorcak Madrilgo Puerta del Solen kapela kentzean sortu zuten iskanbilan omen du jatorria taldearen izenak. Ideien askatasuna irudikatu nahi izan zuten kapela kenduta, eta hori nahikoa izan zen batzuk haien aurka irainka eta harrika hasteko.

Bestelako Espainia bat bazela eta gaur ere izan zitekeela —eta agian, positibo jarrita, ezkutuan bada ere, badagoela— pentsarazten du, bestak beste, La2ek igandean eman zuen dokumentalak. Bereziki Josebe Martinez EHUko ikerlaria mintzatzen den une batean: «Orain [Judith] Butlerri buruz mintzatzen gara, generoa egin egiten dela eta performatibitate hori; eta aurretik Simone de Beauvoirrengan eta haren Bigarren sexua liburuan oinarritzen ginen, esaten baitzuen emakumea ez dela jaiotzen, egiten baizik. Baina jada 1920ko hamarkadan Margarita Neikenek esana zuen hori, ezin dela bereizi naturala dena bereganatua eta irakatsia denetik, eta tesi oso bat zuen egina generoaren ekoizpenari buruz, Europako bi erreferente horiek baino hamarkada batzuk lehenago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.