Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Pandemia

2022ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Duela bi urte etxean itxita geunden.COVID-19a gurera iritsi zen, eta gaixotasun horren inguruan gutxi genekien. Oso kutsakorra zela esan ziguten, eta jende asko hiltzen ari zen gaitzaren ondorioz. Horregatik, Europako buruzagi gehienek itxialdira deitu zuten. Hori guztia gertatzen ari zen bitartean, Europatik urrun nengoen, Kolonbian zehazki. Bertan COVID-19aren inguruan zerbait entzuten zuten, baina urruneko zerbait zela uste zuten. Egoera berdinean nengoen ni, otsail amaieran Kolonbiara egin nuen bidaia, eta bi asteetan egoera guztiz aldatu zen Atlantikoaren beste aldean. Itxialdia hasi zenean, bueltan nengoen, eta egoera ulertzea oso zaila egin zitzaidan.

Egun haietatik bi urte pasatu dira, eta ohitu egin gara konfinatuta egotera, antigeno probetara, maskaretara eta txertoetara. Mundua guztiz aldatu da bi urte hauetan, eta errealitate hori ere fikziora iritsi da. TelesailetanCOVID-19ak sortutako errealitatea oso ondo erakutsi duten telesailak ikusi ditugu azken boladan; pare batzuk aipatu nahi ditut gaurkoan. Itxialdiaren inguruan, Leticia Dolera, Rodrigo Sorogoyen, Paula Ortiz, Carlos Marques-Macet eta Elena Martin zuzendariek En casa (HBO Max) telesail laburra egin zuten. Zuzendari horiek itxialdian grabatu zituzten beren lanak, eta egoera hori nola bizi zuten isla ere izan zen. Lan oso berezia iruditu zitzaidan estreinatu zenean. Uste dut urte batzuk barru ikusten baldin badugu, gertatutakoaren erregistro interesgarritzat joko dugula.

AEBetako gaurkotasun politikoa jarraitzen duen telesaila da The Good Fight (Movistar Plus). Beste ekoizpen askok bezala, geldialdi bat sufritu zuen pandemiaren ondorioz, baina itzuli zenean pandemiaren une latzenak nolakoak izan ziren oso ondo erakutsi zituen. Ospital batzuetan izandako egoera kaotikoa erakutsi zuten, eta gaixoei egindako diskriminazioa salatu zuten.

Ospitaletako errealitatea nolakoa izan zen New Amsterdam (Movistar Plus) telesailean ere ikusi dugu. AEBetan dagoen ospital publiko baten egunerokoa kontatzen digu telesail horrek, eta hirugarren denboraldiak pandemiak sortu dituen arazoak erakutsi dizkigu modu kritikoan. Pandemia ahazten ari gara, eta albisteetan gerra da buru, baina argi dago duela bi urte hasi zen egoerak mundua aldatu duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.