Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Antsietatea

2022ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Pantailetan ikusten ditugun irudiek gure barnean sentsazio desberdinak eragiten dituzte. Sare sozialetan egunero irudi desberdinak ikusten ditugu, batzuetan bizkor pasatzen dira gure begietatik, eta ez diegu guztiz erreparatzen. Ohikoa egin zaigu irudiak sakelako telefonoan azkar pasatzea eta erdiei ez erreparatzea. Gure buruak irudi horiek prozesatzeko ez du denborarik, eta batzuetan sare sozialak alde batera utzi behar ditut horren ondorioz. Hori gertatzen zaidanean sakelakoa itzaltzen dut, eta nire burua irudien zarata horretatik libratzen saiatzen naiz.

Irudi horiek sentsazio desberdinak sorrarazten dizkit, baina azken boladan antsietatea da gehien irabazten duena. Ukrainako gerra piztu zenetik, albistegietan, Twitterren eta Instagramen jarraitu dut. Kazetaritza ikasten hasi nintzenean, gerra kazetaria izan nahi nuen. Ryszard Kapuscinski edota Rosa Maria Calaf ziren nire ereduak. Horren ondorioz, gerra hasi zenetik telebista egunero pizten nuen albistegiak ikusteko edota Twitter irekia nuen une oro han dauden kazetarien txioak irakurtzeko.

Azken astean distantzia hartu behar izan dut errutina berri horretatik. Nire osasun mentalari ez zion mesede egiten horrelako irudiak egunero ikusteak eta. Bereziki Twitterren aurkitu nituen Ukrainako gerraren irudi batzuek barrutik apurtu nindutenetik. Ez dizkizuet azalduko, nahiko gogorrak izan zirelako, baina une horretan konturatu nintzen neure burua zaindu behar nuela.

Sareetatik urruntzen nintzen bitartean telesailetara itzuli nintzen, nola ez. Pantaila batetik bestera eginez, Killing Eve (HBO Max) telesailaren laugarren denboraldia ikusten hasi nintzen. Bigarren kapitulua ikusten ari nintzenean, gelditu behar izan nuen. Antsietatea nire barruan agertu zen berriro. Nire buruan ideia-asoziazio nahiko arraroa eduki nuen, eta, telesaila ikusten ari nintzen bitartean, Twitterren ikusitako irudi horiek berriro etorri zitzaizkidan burura.

Telesaila gelditu ostean, gaizki geratu nintzen. Nire bikotekideari esker barre algaraka hasi nintzen, berak kontatzen zizkidan txisteen eraginez. Zaintzeko unea iritsi da: munduan gertatzen diren injustizien berri jakin nahi badut ere, nire pantailetan zer ikusi ondo aukeratuko dut lehenago. Bestela, ezingo dut hemen kontatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.