Saran egingo dute lehen euskarazko haur eta gazte literaturaren azoka

Ikusi Mikusi izena jarri diote, eta apirilaren 3an eta 4an izango du lehen aldia, baina urtero egiteko asmoa dute. Idazle, ilustratzaile, haur, guraso, eskola eta argitaletxeen bilgunea izatea nahi dute
Azoka antolatu duten eragileetako ordezkariak, atzo, Donostian egindako aurkezpenean.
Azoka antolatu duten eragileetako ordezkariak, atzo, Donostian egindako aurkezpenean. ANDONI CANELLADA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Ainhoa Sarasola -

2020ko martxoak 10

Haur eta gazte literaturaren hiriburu bilakatuko da Sara (Lapurdi) apirilaren 3an eta 4an. «Lehenbizikoz, euskara hutsean den haur eta gazte literaturari dedikatutako festa edo azoka izanen da», antolatzaileen hitzetan. Ikusi Mikusi jarri diote izena, eta Galtzagorri elkarteak, Kiribil konpainiak eta Pamiela argitaletxeak sustatu dute. Haien asmoa da Euskal Herri osoko argitaletxeak, sortzaileak, eskolak eta familiak euskararen eta literaturaren bueltan elkartzea, eta horrela egiten jarraitzea etorkizunean ere. Egitarau zabala prestatu dute lehen aldirako.

Euskarazko haur eta gazte literatura ez dela behar adina ezagutzera ematen iritzita, «hutsune» hori bete nahi izan dute sustatzaileek. «Helburua da euskal haur eta gazte literaturari egiazko toki bat eskaintzea plazarat jalgitzeko», azaldu du Galtzagorri Elkarteko Amaia Hennebuttek. Euskarazko liburuak baino ez dira izango azokan, eta, horien bueltan, udalerriak topaketak, tailerrak eta ikuskizunak hartuko ditu. Sara hautatu dute horretarako, 36 urte baitira Idazleen Biltzarra han egiten dela. «Bada borondate bat Sara euskal literaturaren gunea bilakatzeko». Denborarekin, herritarren buruan urtero egongo den ekitaldi bat izatea nahiko lukete antolatzaileek, Durangoko Azoka den moduan. «Anbizioa dugu; nahi dugu urtez urte ezinbesteko hitzordu bilakatzea».

Azokak bi egun izango ditu aurten: eskolen eguna izango da ostirala, eta familien eguna, berriz, larunbata. Baina bietan haurrak izango dira erdigunean. «Haurrentzat egokitua den festa bat da. Saiatuko gara altzari goxoak ezartzen, liburuak libreki begiratzeko leku autonomo batzuk izan ditzaten, ninientzat gune berezi bat jarriko dugu...». Tailer eta ikuskizun guztiak ere haurrei begirakoak dira, eta literatura dute denek oinarrian. Haurrek, gainera, aukera izango dute eskoletan aurrez sortutako obrak erakusteko. «Jakina, euskal argitaletxe guztien presentzia izanen da, jendeak ikus dezan zer aberastasun den gaur egun euskal literaturan». Autoekoizleak ere izango dira. Urririk izango dira jarduera denak, salbu ikuskizunak; pertsona bakoitzeko, haur zein heldu, 3 euroko prezioa dute sarrerek.

Akitania Berria-EAE-Nafarroa euroeskualdearen diru laguntza baten bidez lortu dute sustatzaileek azoka martxan jartzeko lehen bultzada, baina, azaldu dutenez, beste instituzio publiko batzuek ere harrera ona egin diote. Bide horretan sakondu nahiko lukete. Esaterako, asmo jakin bat aurrera ateratzeko: eskolen egunean azokara doan haur bakoitzak gustuko liburu bat erosi ahal izateko. Horretarako, bonu bat jarri dute martxan, eta azaldu dute hainbat herriko etxek diruz lagunduko dituztela beren eskolak. «Aurten ez dugu lortuko haur guztientzat, baina bidean gara».

Bere bidea urratzen oraindik ez da hasi azoka, baina antolatzaileek sumatzen dute harrera ona izan duela sortzaile, argitaletxe eta eskolengandik. Eskolen egunean 200-300 bat ikasle biltzea zen haien aurreikuspena, eta 1.036k eman dute izena azkenean, 23 eskolatakoak. Hala, egun horretako jarduera guztietarako lekuak beteta daude jada. Ez, ordea, larunbaterako. Ikuskizunetarako sarrerak aurretik hartzeko gomendatu dute; azokaren webgunean dago horretarako aukera.

Informazio gehiago nahi izanez gero, jo webgune honetara:

https://ikusimikusi.eus

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Covid-19 daukaten gaixoak zaintzen duten bi erizain besarkatzen 55 egun gaixo zeraman gizon bat sendatzean. ©Andoni Lubaki / Foku

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 31.166 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.150 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Bi erizain, Galdakaoko ospitalean (Bizkaia) maiatzaren 6an, 55 egun gaixorik zeramatzan gizon bat sendatu zela ospatzen. ©ANDONI LUBAKI / FOKU

Koronabirusaren lehen kolpea Euskal Herrian: 2.152 hildako lau hilabetean

Mikel P. Ansa

Martxoaren 1etik ekainaren 30era, lau hilabete. Neguaren azken hondarra, eta udaberri guztia. Koronabirusaren pandemiak hankaz gora jarri du Euskal Herria, eta bizimoduak astindu ditu. Pandemiaren lehen olatuaren balantzea egin du BERRIAk, hamazazpi grafiko eta hamazazpi galdera hauekin.

Beste 11 positibo zenbatu dituzte Ordiziako agerraldiarekin zerikusia dutenak

Beste 11 positibo zenbatu dituzte Ordiziako agerraldiarekin zerikusia dutenak

Arantxa Iraola

Denera 69 kasu dagozkio positibo multzo horri, eta 31 Tuterakoari.

Gasteizko Mendizorrotza igerilekuak pandemia garaiko udarako prestatzen. Irudian, langile bat belardian markak egiten. ©Raul Bogajo / Foku

Positibo bat Gasteizko gimnasio batean, eta beste bat Baionako erietxe batean

Edu Lartzanguren

Baionako Belharra erietxean kasu bat topatu dute, eta ikerketa zabal bat jarri dute martxan jatorria argitzeko. Zirujau bat kanpoan kutsatu dela uste dute.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna