Festarik ezean, oroimena

«Justizia errestauratiboa» eskatu dute Iruñean, Nagore Laffageren hilketaren urteurrenean

Astelehen Lilak elkarteko kideak, Nagore Laffageren omenezko arrosak lurrean uzten. JESUS DIGES / EFE.
Ion Orzaiz - Iker Tubia
Iruñea
2020ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Atzera begiratzeko eguna izan zen atzokoa Iruñean. Atzera, aurten errepikatuko ez diren unetxo eta ohitura zaharrak gogoan; atzera ere, oroimenaren sua pizturik mantentzeko, aldarriei eusteko eta itzuliko ez diren pertsonei gorazarre egiteko. Atzo, hamabi urte bete ziren Jose Diego Yllanesek Nagore Laffage bortxatu eta hil zuenetik, eta, urtero bezala, omenaldia egin zioten San Fermin egunean.

Vinculo plazan egin zuten ekitaldia, Astelehen Lilak elkarte feministak antolatuta, Nagore ez zaitugu ahazten, justizia eta ordaina guztientzat. Baiezkoa bakarrik da baiezkoa lelopean. Omenaldian, «justizia errestauratiboa» aldarrikatu zuen Asun Casasolak, Laffageren amak: «Sententziaren arabera, giza hilketa izan zen, baina Iruñeko herritar askorentzat, erailketa izan zen». Iruñean jasotako babes keinuak eskertu zituen Casasolak, eta «matxismoa erauzteko kemena» eskatu. Horren ostean, parte hartzaileek arrosa zuri eta gorriak utzi zituzten lurrean, hildako emakumearen omenez.

Indarkeria matxistaren kontrakoa ez zen atzoko aldarrikapen bakarra izan. Handik hurbil, zezen plazaren aurrealdean, beste elkarretaratze bat egin zuten PETA eta Anima Naturalis elkarteetako kideek, zezenketen kontra. Udaltzainek aginduta, segurtasun tartea gorde behar izan zuten manifestariek: lau pertsonako bost lerro, zezen plazako atetik lauzpabost metrora. Han, Hilketa gehiago ez lelopean eta zezenez mozorrotuta, protesta koloretsua egin zuten: toreatzaileen gisako banderilla bana hartu, eta apurtu egin zituzten, makilek barruan zeuzkaten hauts koloredunak airean zabalduz.

Aida Gascon Anima Naturalisen zuzendaria «pozik» azaldu zen hedabideen aitzinera, aurtengoa izanen baita «animalien aurkako tratu txarrik gabeko festen lehen urtea, animalien odolik isuriko ez den lehena». Gasconek ontzat jo zuen «normaltasun berria» eta sanferminak bertan behera geratu izana. «Egoera berria hobea da; espero dezagun, aurrerantzean ere, sanferminak animalien sufrimendurik gabeko jaiak izatea».

Atzo jende gehien bildu zuen ekitaldia, baina, ez zen protesta bat izan, San Fermin eguneko meza baizik. Ia 300 pertsona elkartu ziren San Lorentzoko elizako San Fermin kaperan —gehienez sartzen ahal direnen %75—. Batzuk goizean goizetik egon ziren elizaren aurreko ilaran, sartzeko zain. Iruñeko alkate Enrique Maia ez: bizkartzainek lagunduta iritsi zen elizaraino, eta lehen lerroan eseri zen zuzenean. Hala eta guztiz ere, alkateak argudiatu zuen bere izenean joan zela mezara, eta «ezustekoa» hartu zuela, bere presentzia «albiste» bihurtua zela ikusita.

Maia: «Ezin hobeki ari gara»

San Fermin eguneko mezara «alkate gisara ez, herritar gisara» joana zela azpimarratu arren, aukera baliatu zuen Maiak, uztailaren 6ko eta 7ko balorazio politikoa egiteko. Haren esanetan, Iruñeko bizilagunen eta erakundeen jokabidea «eredugarria» da: «Atzo jada oso balorazio positiboa egin nuen, jaiei hasiera arduraz eman genielako, eta ,gauean gertatutakoa ikusita, balorazio horri eusten diot. Une batzuetan, beti bezala, Udaltzaingoak esku hartu behar izan du, eta dantzalekuren bateanere arazoren bat edo beste izan da maskarak direla-eta, baina, oro har, herritarrek jokabide egokia izan dute».

Atzo ere ez zen jende olderik izan Iruñean. Alde Zaharreko kaleetan giro arraroa zen nagusi.Udaltzainek eta foruzainek jende kopurua zaindu zuten, baina lasai antzean, kaleak itxi beharrik izan gabe. Nabarrerian, esaterako, eguerdian ez zen 30 lagun baino gehiago. Terrazak ere ez ziren bete. Iruindar asko zuri-gorriz jantzi ziren atzo ere, baina kalean umore gutxi eta besta girorik ez. Herenegun baino giro apalagoa sumatu zen San Fermin eguna izan arren, iragarriz bezala heldu diren egunetan ere ez dela besta girorik izanen Iruñean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.