gorka julio
IRLEN SAREA

Nor hilko du?

2018ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Auto autonomo batek arazo mekaniko bat izan du. Frenorik gabe gelditu da, eta horren ondorioz, zebrabide batetik pasatzen ari dela norbait hilko du. Baina nor? Desbideratu eta oinezkoa hil beharrean, animalia bat hil du; zebrabidea gurutzatzen exekutibo bat doa eta espaloian etxegabeko pertsona bat; desbideratzen bada azkena hilko du, bestela exekutiboa; kotxean ama bat eta bere semeak doaz, aurrean adindun emakume talde bat, zer gertatuko da?

Horrelako hamar dilemaren aurrean jarri dituzte jada milioika pertsona MITeko Moral Machinejokoaren bidez. Datu orokorrak nahiko argiak dira, jendeak nahiago izaten du animalia baten kontra egin pertsona baten aurka baino, ahalik eta pertsona gehien salbatuz —eta umeak, adinekoen aurrean—.

Antzekotasuna bai, baina desberdintasun ugari ere aurkitu dituzte geografikoki ematen diren erantzunen artean. Adindun emakumeak orokorrean, salbatzeko aukera gutxi duten arren, asiarrek gehiagotan salbatzen dituzte. Hegoaldeko herrialdeetan emakumeak salbatzen dituzte gehien, gizonezkoen aurrean. Geografikoki ez ezik, klase edo populazio segmentu ezberdinek desberdintasunak azaleratzen dituzte. Horrela, desberdintasun handiko jendarteetan exekutibo itxura dutena salbatzea erabakitzen dute maizago jokalariek.

Balio unibertsal batzuk egon arren, ezberdintasunak ere agerikoak direnean nola hartu erabaki bat? Zeinek eta nola hartu behar du erabaki hori? Arau mailara eraman behar ditugu, pertsona batzuk beste batzuen aurrean defendatzeko mekanismoak edota makinari ez diogu moral hori aplikatu behar? Herrialde ezberdinek, beren idiosinkrasiaren arabera, beren arauak aplika ditzakete dagokien lurraldean—imajina dezagun herrialde batean sartzean kotxeak arau horiek deskargatzen dituela kotxean automatikoki—?Auto ekoizleek erabaki al dezakete, arau orokorrei beste batzuk eranstea, gidariarenganako segurtasun neurri bezala azalduz?

Alemaniak, hainbat diziplina biltzen dituen talde baten laguntzaz, kode etiko bat atera du. Eztabaida hasi besterik ez da egin. Teknologia eztabaidaren parte bat izango da, baina filosofiak pisu handia behar du izan, eta horretarako Marina Garcesek proposatutako Ilustrazio erradikal berri bat beharko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.