«Aletxoa», EHZ indartsu itzul dadin

Euskal Herria Zuzenean egitasmoari emango diote Proiektuaren Elkar Saria. Elkarlanean eta talde lanean aritzea goraipatu diote

Euskal Herria Zuzenean egitasmoko kideak, atzo, Donostian egindako prentsaurrekoan. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Miren Garate.
Donostia
2019ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Urtebeteko etenaldiaren ostean, indarberrituta itzuliko da Euskal Herria Zuzenean egitasmoa aurten, belaunaldi berri bat gidari duela. Ekainaren 28an, 29an eta 30ean egingo dute, Irisarrin (Nafarroa Beherea), eta ondo baino hobeto etorriko zaien bultzada bat ere izango dute antolatzaileek, Elkar fundazioak hari emango baitio aurtengo Proiektuaren Elkar Saria. 10.000 euroko diru laguntza dakar horrek. Hain zuzen, bi urtean behin ematen den sari horren helburua da sortzear dagoen edo jada martxan dagoen egitasmo bati laguntzea, proiektua gauzatzen laguntzeko. «Laguntza honekin gure aletxoa jarri nahi izan dugu halako proiektu bat ez dadin bazterrean geratu, eta indarberritua atera dadin berriz ere plazara», azaldu du Joxemari Sors Elkar fundazioko lehendakariak.

Erabakiaren aktan agertzen diren zenbait arrazoi aipatu ditu: Ipar Euskal Herritik Euskal Herri osora begira kultur mugimendua sustatuz euskal kulturaren alde lan handia egiten duen proiektua dela; musikatik abiatuta kultur adierazpide pluralak eta aberatsak osatzera jotzen duela; euskal musikari behar duen lekua eta duintasuna emateko ahalegina egiten duela; gazteen ekimenaz gauzatzen dela; eta egitasmorako ezinbestekoak direla talde lana eta elkarlana.

Azken ezaugarri hori nabarmendu du Sorsek: «Taldean egiten da EHZ, lanerako prest dauden kulturazaleen indarra bilduz, eta elkarlanean, beste eragileekin batera aritzeko ahalegin etengabea egin dutelako; herriko gainerako eragileak ere bildu dituzte ekimenera». Elkar fundazioak ere bi balio horiek dituela erantsi du.

Julen Oillarburu eta Irati Fernandez EHZ egitasmoko kideek eskerrak eman dizkiote Elkar fundazioari festibalak 24 urtean izan duen ibilbideari balioa emateagatik, eta aurtengo jaialdiari buruzko zenbait xehetasun aipatu dituzte: «Prestakuntza eta tailerrak festibalaren erdigunera ekarriko ditugu, ahaztu gabe eskaintza kultural aberatsa proposatuko dugula urtero bezala. Aurten aberastasun hori Euskal Herrian bertan xerkatzeko parioa egin dugu».

Gaineratu dute Irisarrin egiteko hautuaren bidez dinamika barnealdean mantendu nahi izan dutela, «euskal nortasuna eta kultura Ipar Euskal Herriaren bihotzetik Euskal Herri osora bultzatzeko». Gainerakoan festibalak «ohiko arima» izango duela nabarmendu dute: «Hiru egunez giro bat sortu nahi dugu, eskaintza kultural zabalaren bidez». Antolakuntza belaunaldi gazte baten esku geratu izana ere nabarituko dela uste dute.

'Lua Kastore'-ren estreinua

Maiatzaren 9an izango da sari banaketa, 19:00etan. Andoaingo (Gipuzkoa) Martin Ugalde kultur parkean izaten zen ekitaldia orain arte, baina Basteron egingo dute aurten; izan ere, ekitaldi hori baliatuko dute Lua Kastore antzezlanaren estreinaldia egiteko ere; hain zuzen, iazko Joseba Jaka beka irabazi zuen Ma kolektiboak proiektu horrekin —urtero txandakatu egiten dira Proiektuaren Elkar Saria eta Joseba Jaka beka—.

Eneritz Zeberiok, Andoni Gartziak eta Oihane Enbeitak osatzen dute Ma kolektiboa, eta, Enbeitaren esanetan, hiru eremu biltzen ditu ikuskizunak: antzerkia, dantza eta ikus-entzunezkoak. «Gure erronka nagusia izan da hiru eremu horiek uztartzea, bat bestearen mende ez jartzea». Iragarri du eszenografia oso elementu gutxirekin eta bizirik dauden elementuekin osatu dutela, eta hiru eremuak elkarren artean fusionatuta daudela. Izen-abizen batzuk dira Lua Kastore, eta 50 minutu inguruko emanaldia da. Enbeitaren esanetan, testuari dagokionez hizkuntza poetikoa erabiltzen dute, nahiz eta obrak ez duen testu askorik; dantzari dagokionez, dantza akademikoa eta garaikidea uztartzen dituzte; eta, irudien aldetik, perspektiba ezberdinak lantzen dituzte.

Doakoa izango da ekitaldiko sarrera, eta edonork izango du joateko aukera; alabaina, aurrez izena eman beharko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.