KRITIKA. Musika

Neurria eta energia

2020ko urriaren 27a
00:00
Entzun

Ensemble Siciliano

Musikariak: Julia Siciliano (pianoa), Dmitri Makhtin (biolina), Kyril Zlotnikov (biolontxeloa), Cristian Palau (tronpa). Egitaraua: Ludwig van Beethovenen Sonata tronpa eta pianoarentzat (op. 17), 6. Sonata piano eta biolinarentzat (op. 30, 1. zb) eta 5. Trioa (op. 70, 1. zb). Lekua: Donostiako Viktoria Eugenia antzokia. Eguna: Urriak 25.

Jada ohitura balitz bezala, badirudi hilabetean behin Donostiako Viktoria Eugenia antzokira Beethovenen piano sonatak eta trioak entzutera hurbiltzen den publikoa sendotu eta finkatu egin dela. Julia Siciliano ardatz, 200. urteurrena ospatzeko hitzordu bakanetakoa suertatu da garai bitxi honetan.

Tronparentzat eta pianoarentzat idatzitako sonata arras ezaguna —antzokietan solista gisa askotan entzuten ez den haize instrumentu horren errepertoriorako idatzia—, Johann Wenzel —edo Giovanni Punto— tronpa jotzailearentzat idatzi zuen Beethovenek, eta 1800. urtean estreinatu zuten biek, Vienan.

Kondairak dio pianorako zatiak bezperan amaitu zituela konpositoreak, eta kontzertuan ere inprobisatzen aritu zela. Edonola ere, partitura ez da luzea, baina baditu tronparen luzimendurako uneak. Cristian Palau Euskadiko Orkestrako tronpa solistak senez profitatu zituen, interpretazio neurritsu zein ongi ebatzian, baita bukaerako Rondo-aren marrazki melodiko arinetan ere.

Pianoarentzat eta biolinarentzat idatzitako 6. Sonata-n (op. 30, 1. zb) Beethovenek ez zuen berrikuntza formal berezirik sartu, hariaren tratamendua artean ere teklen mende baitzegoen. Sonata forma hutsa hartzen duen lehen mugimenduan, Dimitri Makhtinen jarduna gustu onaren eredu izan zen gaiaren aurkezpenean zein garapenean. Sonata bera hasi baino lehen, Sicilianok argi adierazi zuen Adagio molto espressivo mugimendua ziklo osoko bere gustukoena zela; denera, benetan ederra suertatu zen isilunearen eta melodiaren arteko hartu-eman sakona.

Gorreriak jota eta bide propioa irekita, 5. eta 6. sinfoniak estreinatu zituen urte berean konposatu zuen Beethovenek bere Op. 70 osatzen duten piano trioak: 1808an, hain zuzen ere.

Egitura bera menderatu arte, ideia musikalek gainezka egiten diotela dirudi lehen honetan. Kyril Zlotnikoven biolontxeloa arrandiaz jantzitako imintzio kartsuek gidatu bazuten ere, denera indarrez betetako zatia izan zen: Allegro vivace e con brio-an puzzle gisa osatzen den gaitik Largo assai ed espressivo-aren malenkoniara, Presto-aren bukaerako apoteosian energia hustu arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.