Sanjoanak Arbizun

Binakako txapelaren festa itzuliko dio Arbizuk Ezkurdiari

Joseba Ezkurdia pilotaria omenduko dute gaur, Arbizuko San Joan jaietan. Esan du jaiak «asko» aldatu zaizkiola bide profesionalari heldu zionetik, baina ateratzen duela, artean, gozatzeko tarterik

itziar ugarte irizar
2018ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Izan du zer ospatu aurten Joseba Ezkurdiak (Arbizu, Nafarroa, 1991). Binakako txapela irabazi zuen apirilean, eta festa eraman zuen orduan herrira. Herriak berari omenaldi bat antolatzea besterik da, ordea. «Hunkitzen zaituzten gauzak» dira, adierazi du pilotariak. San Fermin txapelketako 4 eta erdiko partida jokatuko du gaur herrian bertan, 18:30ean, eta omenaldia egingo diote ondotik. «Polita» iruditzen zaio partida zein omenaldia sanjoanetan izatea.

Bere burua oso «herrikoitzat» duela esan du pilotariak. Maiteak dituela herriko jaiak, nahiz eta «asko» aldatu diren beretzat pilotari modu profesionalago batean heltzea erabaki zuenetik. «14-15 urterekin, kintada bakoitzak blusa eta bere izena ateratzen ditu Arbizun. Akordatzen naiz egin genuenean. Orduan ez geneukan inolako ardurarik, egunero ateratzen ginen», kontatu du. Matrakak da ordutik daukaten izena.

Atzokoa da Ezkurdiaren egunik gustukoena, San Joan bezpera. «Ermita batera igotzen gara, zortziak-zortzi eta erdiak aldera. Udaletxeak ateratzen ditu gazta, ardoa... Bakoitzak bere kuadrillarekin egiten du afaria, eta herri guztia pasatzen da gero, sua saltatuz. Sua egiten dute kale bakoitzean, eta gero plazan elkartzen gara. Egunik politena, niretzako, beti izan da hori».

Baina gaur partida, eta atzo ateratzerik ez. Gauza bera gertatu zaio azken hiruzpalau urteetan. «Hala ere, egun pare bat behintzat beti hartzen dut lagunekin egoteko, barre egin eta giro onean egoteko». Gaurkoa, esaterako. Partidaren eta omenaldiaren ostean, lagun girora batuko da. «Hamarrak aldera, denak plazan elkartzen gara, eta kuadrilla guztiak mahaiak atera eta afariak egiten ditugu. Mahai asko elkartzen gara, eta gero bakoitzak ikusten du zer egin, baina une hori, zortzietatik aurrerako bizpahiru ordu horiek, oso politak iruditzen zaizkit».

Aatea deitzen diote horri, eta bada Arbizuko festek duten berezitasunetako bat. Atzo salbu, egunero agertzen da egitarauan, bi bider gainera: 13:00etan eta 20:00etan.«Udaletxeak ardoa ateratzen du, eta zilarrezko katiluetatik erraziotxo bat hartzen du nahi duenak», azaldu du Ezkurdiak.

Udaren atarian

Udako jaien hasiera izaten dira sanjoanak leku askotan, atseden egunen gerturatzea. Atzo hasi ziren Arbizukoak, eta ostiralera arte luzatuko dira; bihar erretiratuen eguna dute, etzi kintoen eguna, etzidamu gazte eguna...«Sakanan ere aurreneko festak izaten dira, eta inguruko jendeak gogo handiarekin hartzen ditu».

Ezkurdiari, ordea, lana ugaritzen zaio datozen hiletan. «Neguan lau bat partida jokatzen ditugu hilabetean, eta udan, zortzi-hamar bat. Beti da zailagoa, gehiago entrenatu behar dugu, baina, gero, bakoitzak bere momentuak harrapatzen ditu uda aprobetxatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.