Telesailak

Irratia, telebista eta psikoanalisia

'Mr. Robot' telesailaren sortzaile Sam Esmailek zuzendu du fikziozko 'podcast' bat oinarri duen lehen telesaila

Mikel Yarza Artola.
2018ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Hamaika aldiz entzuten da telebista kontsumitzeko ohiturak betiko aldatu direla, plataforma berrien indartzeak programazio eta emisio joerak ezinbestean eraldatu dituela. Horren adibide da Homecoming telesaila ere. Julia Roberts aktore ezagunaren pantaila handitik txikirako jauzia bultzatu du, eta Amazon plataforma da saioaren ekoizlea. Telesailaren berritasun nagusia, ordea, honako hau da: podcast batean oinarrituriko fikziozko lehen lana da.

Gerratik itzulitako soldaduak eguneroko bizitzara egokitu daitezen egiten du lan Heidi Bergman terapeuta protagonistak, telesailaren izen bereko zentroan. Bere nagusiek, ordea, bestelako helburuak dituzte esperimentu sozial horrekin. Podcast-aren antzera, telesailak ere thrillerra baliatu du abiapuntuaren ostean jorraturiko gertaera katearen misterioa eta tentsioa indartzeko.

Irratiak eta telebistak gertuko harremana izan ohi dute komunikazioaren alorrean, baina formari dagokionez ezberdinak dira halabeharrez, are gehiago fikziozko obrak jorratzeko garaian. Telefono bidezko elkarrizketak ditu nagusi jatorrizko istorioak, eta perkusioan oinarrituriko jazz pasarte biziek gidatzen dute kontakizuna eszena batetik bestera. Telebistarako moldaketan, aldiz, irudia ere lantzera behartuta, saioko lantaldeak elementu berriz josi eta aberastu du narrazioa.

Mr. Robot telesailaren sortzaile Sam Esmailek hartu du Homecoming saioaren hamar atalak zuzentzeko ardura, eta lanketa formalean igarri da haren estilo pertsonala. Pantaila irudi sinbolikoz bete du, oroimenaren galera eta noraez sentsazioaren inguruko istorioa mamitzeko; eta irudiaren aspektu-ratioa ere baliatu du, orainaldiko eta iraganeko eszenak bereizteko ez ezik, kontakizunaren sakonera dramatikoa areagotzeko. Zentzu honetan, esan liteke Esmailek beste behin ere konbentzio formalei desafio egin diela, horren adibide atal bakoitzaren amaieran kredituek pantaila bete arren, narrazioarentzat giltzarri diren eszena dramatikoei segida eman izana.

Istorioa irratsaiotik telesail izatera igaro den honetan, sortzaile taldeak bide narratiboak eraldatu, eszena jakin batzuk alboratu eta jatorrizko obran existitzen ez zirenak ere gehitu ditu. Psikoanalisiarekin loturiko kontzeptu freudiarrek, esaterako, pisu handiagoa hartu dute telebistarako moldaketan. Esmailek adimenez osatu du AEBetako gizartearen traumaren erradiografia: gerra beteranoa, terapeuta eta exekutibo gupidagabea, hiru pertsonaia nagusiak ahanzturaren kontzeptuaren inguruan elkartuz.

Iraupenari dagokionez, podcast-aren ildoari segida eman eta 30 minututik beherako atalez osatu du Esmailek telesaila. Sortzaile estatubatuarrak formatu laburrari zuku guztia atera dio, eta erakutsi du ez duela zertan abiada biziko kontakizunik jorratuikusleen arreta bereganatzeko.

Telesailak bigarren denboraldia izango du, eta Esmailekin elkarlanean ariko dira berriz ere Horowitz eta Bloomberg, Homecoming istorioaren jatorrizko sortzaileak. Estreinaldi arrakastatsuaren ostean, ikusle andana izango dute esperoan.

'HOMECOMING'

Sortzaileak: Eli Horowitz, Micah Bloomberg, Sam Esmail.

Aktoreak: Julia Roberts, Bobby Cannavale, Dermont Mulroney, Sydney Tamiia Poitier, Marianne Jean-Baptiste, Sam Marra, Henri Esteve, Sissy Spacek.

Herrialdea: AEB.

Urtea: 2018.

Non ikusi: Amazon Prime.

Atal bakoitzaren iraupena: 30 minutu.

Generoa: Drama. Thrillerra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.