Sanmigelak Aizarnazabalen

Sagardoaren bueltan

Sagardo lehiaketa egingo dute bihar Aizarnazabalen, San Migel festen barruan

Sagardo txapelketan herriko baserritarrek bakarrik parte hartu dezakete. NEREA URANGA / UROLA-KOSTAKO HITZA.
Jone Bastida Alzuru.
2019ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Sagardoz bustiko da bihar Aizarnazabalgo plaza (Gipuzkoa). San Migel jaiak ospatzen ari dira herritarrak, eta, ohi bezala, ekitaldi ugariz jositako egitarauaren barruan dago bihar egingo den sagardo lehiaketa. 35. aldia du, eta festetako ikurretako bat da jada. «Ekintza garrantzitsua da herritarrentzat. Ohitura bilakatu da, eta jende asko biltzen da», adierazi du Iosu Loiola sagardo lehiaketako antolatzaileetako batek. Gainera, beste sagardo txapelketekin alderatuta, badu berezitasunik: Aizarnazabalgo baserrietako sagardogileek soilik parte hartzen dute. Horren helburu nagusia herriko sagardogileak eta ekoizten duten sagardoa «ezagutaraztea» dela esan du Loiolak, beraien produktua erakusteko aukera ematea.

Txapelketan parte hartzeko, bi baldintza bete behar dira: batetik, herriko baserri batekoa izatea, eta, bestetik, sagardoa etxean bertan ekoiztea. Parte hartzaileen kopurua ez dago zehaztuta oraindik, egunean bertan ematen baitute izena: «Bost sagardogile seguru etorriko dira, beti hartzen baitute parte. Aurten sagar asko izan da, eta, horren ondorioz, beste bi edo hiru animatuko direla uste dugu». Lehiaketan parte hartzen duten sagardogileek bi kaxa sagardo eraman beharko dituzte goizeko hamarrak baino lehen. Horietatik zoriz aukeratutako lau sagardo botila epaimahaira eramango dira; freskatzen jarri, eta dagokien izena jarriko zaie. Gainerako sagardo botilak, berriz, jendeak dastatu eta kontsumitzeko izango dira.

Musikaz girotuta egongo da sagardo txapelketa, eta bolo txapelketa herrikoia ere jokatuko da bitartean. «Urtero egiten da bolo lehiaketa herrikoia, eta nahi duenak parte hartzen du. Giro ederra sortzen da». Bestalde, sagardoarekin batera, txorizoa eta gazta jan ahal izango dute bertaratutakoek. Basoak euro batean salduko dituzte, eta, horrekin, aukera egongo da nahi beste sagardo edateko eta nahi beste pintxo jateko. Janaria eta edaria bukatu arte iraungo du ekitaldiak.

Giro herrikoia

Amaieran izango da sari banaketaren txanda. Lehiaketako irabazleak, 50 euro eta txapela izango ditu sari. Hala, bigarren eta hirugarren sailkatuentzat ere egongo da saria; 40 eta 30 euro, hurrenez hurren. Horrez gain, Loiolak adierazi duenez, lehiaketara eramandako botilak nolabait ordaintzeko asmoarekin, parte hartzen duten sagardogile guztiei 20-30 euro emango zaizkie.

Igandea tokatu da aurten San Migel eguna, eta ohi baino jende gehiago ibiliko dela uste du Loiolak: «Astegun batean baino jende gehiago ibiliko dela iruditzenzait. Kanpoan bizi den herriko jende gehiago etorriko da». Kontuan hartu dute hori sagardo lehiaketa antolatzeko orduan: «Badaezpada, beste urteetan baino txorizo eta gazta gehiago ekarriko dugu». Hala, giro ederra eta herrikoia sortuko dela uste du.

Bihar bukatuko dira festak, baina, oraindik ere, hainbat ekintzaz gozatzeko aukera dute herritarrek: mus eta eskoba txapelketa, kale antzerkia, herri kirolak eta beste. Gauetan, berriz, musikak alaituko ditu kaleak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.