Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Dokumental baten eraginez

2020ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Ez, dirudienez, auzia ez dago itxita. Eta Netflix-ek ekoitzitako dokumental sorta batek bultzatu du, 55 urteren ondotik, Malcom Xren hilketaren ikerketa berriro zabaltzeko aukera. Manhattango fiskalaren bulegoak iragarri duenez, aztertzen ari dira hilketa berraztertu ala ez. Erabakia Who Killed Malxom X? sei ataleko lana estreinatu ondotik etorri da. Euskal Herrian, otsailaren 7an jarri zuen plataformak eskuragarri lan hori. Baina ni ez nintzen horretaz ohartu, berripaper honetan Urtzi Urkizuren kronika irakurri nuen arte. Sare sozialetan ere irakurri nion kazetariari, ikustea biziki gomendatzen zuela. Kasu egin nion.

Berrogeita bost minutu inguruko sei ataletan, pista berriak biltzen dira Malcom Xren hilketaren eszenari buruz. Elkarrizketak, bidaiak, gobernuko dokumentuak, txostenak, argazkiak, bideoak... dokumentazio lan izugarria dago une hori testuinguruan jartzeko. Besteak beste, datu argiak daude zigortutako bi gizonezkoak —Norman Butler eta Thomas Johnson— heriotzaren lekutik kanpo kokatzen dutenak. Horrez gain, Islamaren Nazioaren, FBIren eta Poliziaren arteko konspirazioaz hitz egiten da, Malcom Xren hilketa koordinatu zutelakoan.

Dokumentalak gaurkotasun handiko gaiak jartzen ditu mahai gainean, aldi berean. Lider politikoaren hilketaz hitz egiteaz gain, gogora ekartzen diolako ikus-entzuleari Ameriketako afrikarren zein beltz komunitatearen borroka. Arrazismoa. AEBetan presente dagoen auzia da. Bestalde, borroka armatua arrazoitzen duten lider politikoak ere azpimarratzen ditu lanak. Ezaguna da Malcom Xk, 1965ean emandako diskurtso batean, «beharrezko den edozein bide» erabiltzea zilegi ikusten zuela «pertsona izateko eskubidea eta errespetua» defendatzeko. By any means necessary, zehazki. Adierazpena, jatorriz, Jean Paul Sartre filosofoarena da. Netflixen lanak ere balio du, egun, lider politiko karismatikoen hutsuneaz ohartzeko. Gurean, aztertu besterik ez dago EAEko hauteskundeetarako hautagaiak. Nahiko nuke Malcom Xk publikoari hitz egiteko zuen gaitasuna!

Pertsona deserosoen hilketa «misteriotsuak» abiapuntu, fikzioa sortzeko beste arrazoi bat da Who Killed Malcom X?. Euskal Herrira ekarrita, ziur dokumental sorta bat bainogehiago ekoitzi daitekeela. Euskaraz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.