Sanmigelak Oñatin

Euskarari gorazarre

Euskaltzaindiaren urtemugaren aitzakian, herri antzezlan bat egingo du Olaitturri kultur elkarteak gaur arratsaldean, jaien egitarauaren barruan

Antzerkian herritarrek parte hartuko dute. OLAITTURRI.
aitor biain
Oñati
2018ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Oñatiko historia ardatz hartuta, antzezlanak idatzi eta taularatzen ditu Olaitturri kultur elkarteak jaien bueltan. Herriko historiari hertsiki lotua dago, hain zuzen ere, Euskaltzaindiarena ere: herrian egin zen, duela ehun urte, Eusko Ikaskuntzaren aurreneko kongresua, eta batzar hartatik eratu zen erakundea ondoren. Urtemuga hori baliatuta, lehenengo euskaltzainburua izan zen Resureccion Maria Azkueren omenezko antzerkia taularatuko du kultur elkarteak gaur, San Migel egunez, 17:00etan, parrokian.

«Oñatin bertan eta, beharbada, Euskal Herrian inoiz egin den ekitaldirik garrantzitsuena izan zen 1918ko iraileko hura», azpimarratu du Iñazio Irizar Olaitturri elkarteko zuzendariak; berak idatzi ditu Resurreccion Maria Azkue eta Euskaltzaindia antzezlaneko testuak. Biltzar hartan gertatu zena eta, batez ere, hizkuntzari lotutako alorrean pasatu zena kontatuko dute antzezlanean, Azkue bera erreferentziatzat hartuta. Izan ere, batzar hartan landu zituzten sei arloetako bat izan zen hizkuntzarena, eta bertan parte hartu zuen Azkuek ere. «Fonetikaren inguruko bi ponentzia egin zituen batzar hartan», zehaztu du Irizarrek. Omenaldi txiki bat egin nahi izan diote hala, mendeurrenaren aitzakian: «Kultura arloan Euskal Herriak izan duen gizonik jakintsuenetako bat izan zen Azkue. Euskaltzaindiaren bultzatzaile nagusia izan zen, eta aukera aproposa iruditu zitzaigun haren omenezko antzerkia egitea».

Ikuskizun «erdi-musikatua» izango dela iragarri du Irizarrek; testuak eta musika uztartuko ditu lanak. Izan ere, Azkueren kantutegiko zazpi abesti erabili dituzte obra osatzeko. «Hizkuntzalaria eta, oro har, jakinduria handiko gizona izan zen, baina musikazaletasun handia ere bazuen txikitatik. 10 urte zituela hasi zen musika ikasten, Lekeition bertan», azpimarratu du. Kantu bilduma bat osatu zuen, Euskal Herri osoan jasotako abestiekin. «Oñatin bertan lau jaso zituen. Kantutegi ikaragarri ona osatu zuen. Guk, baina, zazpi hautatu ditugu obrarako; probintzia bakoitzetik bat», zehaztu du Irizarrek. Horiek hala, haren bi mundu horiek uztartu dituzte antzezlanean: hizkuntzalaritza eta musika. Omenaldi bikoitza egingo diote Azkueri, horrenbestez.

Ordu eta laurden inguruko antzezlana izango da, eta, duela ehun urteko batzar hartako txostenak «oso teknikoak» izanagatik ere, ikuskizun «eramangarri, arin eta gozagarria» prestatu dutela azpimarratu du Irizarrek. Herritarrak izango dira protagonista, gainera. Izan ere, aktore lanetan harituko diren hogeita lau herritarrek osatzen dute antzezlaneko taldea. Adin guztietako herritarrak dira: «17 urte ditu gazteenak, eta 85 zaharrenak».

Euskara batuan taularatuko dute lana, nahiz eta oñatieraz ere egin izan dituzten aurretik beste lan batzuk ere. «Argitalpenak ere oñatieraz eta batuan egin izan ditugu: orri batean oñatieraz eta besteak batuan. Elkarte moduan, hori da gure asmoa, hizkuntza sustatzea», adierazi du Irizarrek. Hizkuntzari gorazarre egiteko eguna izango dute gaur.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.