Estatus politikoari buruzko galdeketak. Biharamuna

Bultzada emateko emaitzak

Goierriko, Debagoieneko, Aramaioko, Azpeitiko eta Ispasterko galdeketen emaitzekin gustura daude Gure Esku Dago-ko taldeak. Parte hartzea, lorturiko esperientzia eta giro ona azpimarratu dituzte
Herritarrak boza emateko ilara egiten, joan den igandean, Azpeitian.
Herritarrak boza emateko ilara egiten, joan den igandean, Azpeitian. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS

Gorka Berasategi Otamendi -

2016ko ekainak 7
Hilabeteetako lana izan da, azken asteetan are biziagoa. Galdeketa aurrera ateratzea lortu eta milaka herritarrek erabakitzeko eskubidea bere egin ondoren, hausnarketa egiteko garaia iritsi da. Goierrin, Debagoienean, Azpeitian (Gipuzkoa), Aramaion (Araba) eta Ispasterren (BIzkaia) galdeketak bultzatzeko sortu diren herritar taldeek ontzat eman dute igandeko ariketa, aberasgarria, parte hartzailea eta giro onean egindakoa izan dela iritzita.

Andoni Mikelarena Goierriko Elkarrekin plataformako bozeramaileak nabarmendu du eguna «erabat normal» joan zela. «Frogatu dugu erabakitzeko eskubidea gauzatzea gauza benetan arrunta dela». Bestetik, jendea «oso ilusionatuta» eta «parte hartzeko gogoz» zegoela adierazi du, eta hori emaitzetan islatu egin dela deritzo.

Goierrin 58.000 herritarrek zuten botoa emateko aukera, eta %27,1ek parte hartu dute. Horietatik, %95,7k egin dute euskal estatu burujabe bateko herritar izatearen alde, eta %3,8k kontra. Boto zuriak %0,6 izan dira, eta baliogabeak, %0,4.

Mikelarenaren esanetan, argi gelditu da biztanle gutxiagoko herrietan «oso emaitza onak» lortu direla, eta herri handiagoetan, berriz, herritar guztiengana iristeko «zailtasun handiagoa» dagoela. Alde handiak izan dira herri batzuetatik besteetara. Parte hartzerik handiena Gaintza, Mutiloa eta Zerainen izan da ?%70etik gora?, eta apalena, Beasain, Legazpi, Ordizia, Urretxu, Zumarraga eta Olaberrian ?%25etik behera?.

«Badaude, agian, herri pare bat aurrez espero zituzten emaitzak lortu ez dituztenak, baina hau hasiera da, azken finean. Kuantitatiboki emaitza gazi-gozoa izan da kasuren batean, baina kualitatiboki oso positiboa izan da». Mikelarenak garrantzia eman dio galdeketa antolatzeko prozesua «gardena, parte hartzailea eta integratzailea» egin izanari. «Sukaldeko lan pila bat egin dugu, eta jende askorengana hurbildu gara. Nik uste dut izugarrizko saltoa eman dugula».

Debagoieneko eta Aramaioko galdeketen emaitza «oso positiboa» izan dela adierazi du Jon Goikoetxea Erain elkarteko bozeramaileak ere. Debagoienean, herritarren %29,35ek hartu dute parte. %94,9ek euskal estatu independente baten alde egin dute, eta %4,2k ezezkoa eman diote. Boto baliogabeak %0,6 izan dira, eta zuriak %0,3.

Katalunian aurreko urteetan izan ziren herri galdeketekin alderatu ditu emaitzak, igandeko galdeketarekin «antzik handiena» dutelakoan. «Katalunian, parte hartzea apalagoa izan zen oro har», azaldu du Goikoetxeak. Aramaion eta Leintz Gatzagan %50ek baino gehiagok parte hartu duela nabarmendu du; Oñatin ?10.000 biztanle baino gehiagoko herria izanik? %25etik gorako parte hartzea izan dela, eta Bergaran ?15.000 biztanle inguru dauzka? ia %30ek eman dutela botoa. «Oso pozik gaude emaitzarekin».

Bestalde, herritarren inplikazioa nabarmendu du Goikoetxeak. Debagoienean eta Aramaion 650 boluntario aritu ziren elkarlanean. «Jende horri guztiari, eskerrak, animo, eta zorionak».

Azpeitiko galdeketaren emaitza «benetan ona» izan da, Laxaro Azkune Hitzartu herri plataformako bozeramailearen iritziz. Herritarren %39,4k parte hartu zuten igandean. Estatu independente bati baiezkoa eman zioten botoa eman zutenen %94,6k, ezezkoa %3,9k, baliogabea %1,1ek eta zuria %0,4k. Katalunian izan zen lehen galdeketa olatuan %27ko parte hartzea izan zela nabarmendu du Azkunek. «Azpeitian izan diren beste galdeketa batzuei begiratzen badiegu, Espainiako Konstituzioaren bozketan %20k eman zuten botoa, eta Europako Konstituzioarenean, %30ek».

Bozak eta informazio aldizkariak «etxe guztietan, atez ate» banatu izanak emaitzan eragina izan duela dio Azkunek. «Hor ikusi dugu herritarrek nolako harrera ona egin diguten, eta orduan ohartu gara zenbateko gogoa zuten bozkatzeko».

Ispasterren izandako emaitzarekin «harro» dago Jesus Lekerikabeaskoa Geuk Erabaki taldeko eleduna. Ahalik eta parte hartzerik zabalena desio zuen arren, beste inguru batzuetan nolako datuak izan diren jakitun zen aldez aurretik, eta herritarren %63,8k parte hartu izana ontzat jo du. «Jendea gogoz ibili da aurreko asteetan, zertan gabiltzan azaltzen, galdeketa zer den argitzen... eta ematen du herritarrek ulertu dutela».

Estatu independente baten aldeko botoak %93,1 izan ziren; ezezkoak, %2,7; zuriak, %3,7; eta baliogabeak, %0,5. «Ezetzaren aldeko botoak eta boto zuriak egotea oso positiboa iruditzen zait, denetariko jendea hurbiltzea nahi genuen eta».

Hurrengo olatuari begira

Lau galdeketa esparruetako bozeramaileek aitortu dute atseden hartzeko beharra dutela azken hilabeteetako lanaren ondoren. Hala ere, hurrengo egunetarako deitua dute galdeketaren eta prozesuaren balorazioa egiteko bileretara.Mikelarenaren iritziz, «herriarekin aztertu beharreko gaia» izango da, eta ziur dago hausnarketatik lanean jarraitzeko ideiak sortuko direla.

Oraingoz, denek adierazi dute prest daudela hurrengo galdeketak antolatzen ari diren herriei laguntzeko. «Gure esperientzia kontatzeko desiratzen gaude» dio Azkunek.

Ispasterren, herriko jendeaz gain, Lekeitiotik, Eatik, Aulestitik eta Dimatik joandakoak bazirela nabarmendu du Lekerikabeaskoak. «Inbidia sano pitin batekin ikusten zitzaien, galdeketa beren herrietara eramateko gogoz. Ea apur bat kutsatzen ditugun».

Joan den igandeko galdeketek mugarria jarri dutela adierazi du Mikelarenak. «Arrankudiagak eta Etxarri Aranatzek herri galdeketa egitea posible zela frogatu zuten, eta, oraingoan, frogatu dugu posible dugula Bilboren moduko eremu batean ere egitea. Azken finean, Goierriren kasuan, 23 herri koordinatzea lortu dugu».

Atseden hartuko dute, beraz, baina lanean jarraitzeko prest dira. Azkuneren arabera, «kirolariak ere errazago errekuperatzen dira irabazitakoan».

Igandeko kontsulten webgune berezia: www.berria.eus/ E5erabaki/

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna