Hauteskundeak Mexikon

Ezkerrerantz egin du Mexikok

Inkestek aurreikusitakoa betez, Lopez Obradorrek alde handiarekin irabazi ditu presidentetzarako hauteskundeak. Morena alderdiak eta aliatuek gehiengo osoa izango dute Kongresuan

Andres Manuel Lopez Obrador hautagaia eta Beatriz Gutierrez Muller idazle eta Obradorren emaztea presidentetzarako hauteskundeetako garaipena ospatzen, herenegun gauean.
Andres Manuel Lopez Obrador hautagaia eta Beatriz Gutierrez Muller idazle eta Obradorren emaztea presidentetzarako hauteskundeetako garaipena ospatzen, herenegun gauean. SAHSENKA GUTIERREZ / EFE

Gabriel A. Corral Velazquez -

2018ko uztailak 3

«Mexikar guztiei adiskidetzeko deia egiten diet. Eta eskatzen diet haien interes pertsonalen gainetik, nahiz eta horiek legitimoak izan, jartzeko interes komuna». Andres Manuel Lopez Obradorrek haren jarraitzaileen aurrean egin zituen lehenengo hitzak izan ziren herenegun gauean. Hauteskunde Institutu Nazionalaren kontaketaren arabera, botoen %54rekin irabazi ditu presidentetzarako hauteskundeak. Ricardo Anaya Cortesek (PAN Ekintza Nazionalaren Alderdia) %22,8 lortu ditu, eta Jose Antonio Meadek (PRI Alderdi Iraultzaile Instituzionala) %16,3. Garaipena eztabaidaezina da. Gainera, Lopez Obradorrek gehiengo osoa lortuko luke bi ganbera legegileetan, Mexikon 1994tik gertatu ez dena. Erronka handiak ditu aurretik, baita oso aukera handiak ere. Mexikoko presidentetzarako hautagai bakar bati ere ez zaio oroitzen halako kapital politiko handirik, ezta Vicente Foxi ere 2000. urtean, lehenengo aldiz gertatu zenean botere txandatzea. Herritarren artean sortu duen ikusmina ikaragarria da; emaitza sendo horren berri jakin bezain laster haren jarraitzaileek goiko hondoraino bete zuten Zocalo-a, herrialdearen hiriburuko erdiguneko plaza enblematikoa.

Errepublikako presidenteaz gain, botere legegile federala hautatu zuten herenegun: 500 diputatu eta 128 senatari. Herri mailan, berriz, zazpi gobernadore hautatu zituzten —Jaliscon, Morelosen, Yucatanen, Veracruzen, Pueblan, Chiapasen eta Tabascon—, Mexiko Hiriko Gobernu Buruzagitza, eta alkate eta diputazioetako buru guztiak 32 estatuetan. Hain zuzen, 18:00 aldera hasi ziren jakiten gobernadoreetarako lehenengo emaitzak, eta horiek ez zuten espekulazioetarako tokirik utzi: Morenak egun historiko bat izanen zuen. %50eko emaitzetatik gora, Morenako hautagaiak Mexikoko demokrazia gaztearen historiako bozketarik handienak ariko lirateke jasotzen.

Horrek ondorio askori ireki die bidea. Herritarren parte hartzearengatik gertakari historiko bat izan da. Lehenengo datuen arabera, hautesle erroldaren %65 inguru agertu da hauteskunde mahaietara, eta, behin betiko daturik ez badagoe ere, toki batzuetan baliteke %70 izatea parte hartzea. Mexikoko hauteskunde prozesuetan inoiz izan den parte hartzerik handiena litzateke. Datu hori garrantzitsua da, erakusten baitu Mexikoko herritarrek zuten beharra hautetsontzien bidez adierazteko. Neurri batean, hauteskunde hauek kapitalizatu dute herritarrek zuten nekea haien eskakizunei erantzuten jakin ez duen erregimen batekin.

Lopez Obradorrek bere jarraitzaileen aurrean hitzaldia eman zuen Anaya eta Meade arerioek haren agaripena onartu ondeoren, eta Enrique Peña Nieto presidentea nazioari aritu zitzaion ondoren. Lopez Obradorrek aurrean dituen erronkak onartu zituen: arerioei eskua luzatu zien, herrialdeari adiskidetzeko deia egin zion, Mexikoren arazo nagusitzat ustelkeria seinalatu zuen, segurtasunaren arloan estrategia aldaketa bat hitzeman zuen, eta pobreziaren murriztea elementu zentraltzat ezarri zuen. «Mexikoren onerako, lehenengo pobreak», adierazi zuen, kanpainako leloetako bat errepikatuz. Horrez gain, eskua luzatu zien enpresariei, bankariei eta Donald Trump AEBetako presidenteari. Ekonomiari dagokionez, merkatu askea onartu zuen, eta industria eta barne merkatua indartzeko deia egin zuen. NAFTAri (Ipar Amerikako Merkataritza Libreko Itunari) buruz atzo mintzatu zen, eta esan zuen Peña Nietoren birnegoziazio ahalegina «lagunduko» duela. Latinoamerikako herrialdeei, berriz, keinu bat egin zien, Mexiko, nolabait, azken urteotan horiengandik aldendu delako.

Hauteskunde hauek irakaspen handiak utzi dituzte Mexikoren demokratizazioarentzat. Alderdi politikoen erregimena sendotu dute, baina historikoek —PRIk eta PANek— eraldatzeko erronka dute boto emaileak berreskuratu nahi badituzte. PRIrentzat galera historiko bat da. Garai batean alderdi bakarra zenak aurre egin behar die 89 urteko historian izan dituen emaitzarik txarrenei; gobernuko alderdia zen, eta oso murriztuta dagoen hirugarren alderdia izango da orain. Ustelkeria eskandaluek, indarkeriak eta desagertuek oso eragin handia izan dute Peña Nieto presidentearen alderdiarentzat.

Abenduaren 1ean boterera

Analistak bat etorriko dira ondorio batean, hau da, hitz egin litekeela instituzioetan konfiantza berreskuratu duen hauteskunde normaltasun bati buruz. Hauteskunde Institutu Nazionalaren jarduna ezin hobea izan zen egun osoan. Ez du zalantzarik eragin haren gaitasunak, ezta haren neutraltasunak ere, konparatuz gero, adibidez, 2006ko hauteskundeekin. Herritarrek parte hartu ahal izan dute jakinik haien botoak balioko zuela, hautetsontzien bidez ahotsa altxa dezaketela, eta Peña Nietoren gobernuari arbuioa adieraz diezaioketela, ez baititu herritarren eskariak ulertu, eta ez baitie horiei aurre egin.

Lopez Obrador eta haren gobernuko kide izango direnak abenduaren 1ean hasiko dira lanean. Kanpainako diskurtsotik haratago doan erantzukizun bat izango dute. Herritarren artean sortu duten ikusmina proportzionala da administrazio neoliberalek sortu duten haserrearekin, herritarren artean arrakala handia sortu baitute, eta desberdinkeria handia eragin. Politikoki, berriz, arriskutsua izan liteke ganberetan gehiengo osoa izatea, demokrazia eraikitzeko pisuak eta kontrapisuak, agian, ez direlako ikusiko hurrengo hiru urteetan gutxienez.

Geldialdia ziklo aldaketan

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna