EAE-Nafarroa lankidetza akordioa. Protokoloa sinatzea

EITBri irtenbidea eman nahi diote behin betiko

EITBren seinaleari babes juridikoa bermatzeko neurriak aztertzen ari dira. Jaurlaritzako eta Nafarroako gobernuko lantalde teknikoak

Nafarroako Gobernuko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak lankidetza hitzarmenaren sinaduran, atzo. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Gorka Berasategi Otamendi.
Gasteiz
2016ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
EITBren seinalea Nafarroan jasotzeko aukerari «berme juridikoa» ematea da Nafarroako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren helburua, Iñigo Urkullu lehendakariak jakinarazi duenez. Uxue Barkos Nafarroako presidenteak adierazi du «behin betiko konponbidea» bilatu nahi dutela, etorkizunean seinalea jaso ahal izatea «legeaz egiten den interpretazioaren, erabileraren edo gehiegikerien araberakoa» izan ez dadin.

Barkosek argitu du bi gobernuetako lantalde teknikoak hitzarmenik egokiena osatzeko lanetan ari direla gaur egun. Akordio horrek zehaztuko du erakunde bakoitzaren ardurak eta eskumenak zeintzuk diren, proiektuaren finantzaketa barne. Barkosek azaldu duenez, «konponbiderik arrazoizkoena» bilatu nahi dute.

Egoera «ulertezina»

EITBren emisioa eten behar izana eta egun Nafarroan euskal irrati-telebista publikoaren seinalea jasotzeko ezintasuna egoera «ulertezina» da Urkullurentzat. «Ulertezina da XXI. mendean sistema analogikoaren bidez ikusi zitekeena, orain, sistema digitalaren bidez ez ikustea».

Lankidetzarako protokoloak jasotzen duen helburuetako bat da EITBren seinalea Nafarroan jasotzea, eta horretarako bidea jorratuko dutela ziurtatu du Urkulluk, seinaleak «berme juridikoa» izan dezan, eta «EITB nafarrek ikusi ahal izan dezaten, munduko beste edozein telebista ikusteko aukera duten bezala».

Bestalde, EITBren seinalea eten ostean Nafarroan sortu diren erreakzioak eta protesta ekintzak ikusita, argi geratu da Nafarroako biztanleriaren zati garrantzitsu batek EITBren seinalea«normaltasunez» jasotzeko aukera izan nahi duela, Barkosen iritziz.

EITB «beste edozein telebista bezala» jasotzeko aukera aldarrikatu du Nafarroako presidenteak. Gaineratu du, kasu askotan, aukera hori exijitzeko arrazoi gehiago ere badaudela, «ageriko arrazoiengatik», euskal irrati-telebistaren programazioa «bereziki gertukoa» izan daitekeelako Nafarroako herritarrentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.