Portugal. Parlamenturako hauteskundeak. Francisco Louça. Ezkerreko Blokearen fundatzailea

«PSren gehiengo osoa eragoztea da bozetako helburuetako bat»

Louça datorren legealdiari begira jarri da, egiturazko aldaketak egiteko garaia izan behar duela argudiatuta: «Herritarren egunerokoa hobetu dezaketen neurri ekonomiko eta sozial erakargarri eta ausartez ari naiz».

BERRIA

Ander Perez Zala -

2019ko urriak 5
Francisco Louçak (Lisboa, 1956) 1999an sortu zuen Ezkerreko Blokea, eta 2012ra arte izan zen alderdiaren buruzagia. Gaztetatik izan da politikan: 1972an espetxeratu egin zuten diktaduraren aurka borrokatzeagatik, eta 1974ko Krabelinen Iraultzako buruzagietako bat izan zen. Egun, Lisboako Unibertsitate Teknikoan ari da lanean.

Ezkerreko Blokearen (BE) kanpainan parte hartu duzu.

Blokearen inoizko kanpainarik indartsuena izaten ari da. Aldi berean, egoera arraroa da: akordio bat egin genuen Alderdi Sozialistarekin [PS], lau urteotarako ez zuelako gehiengo osorik. Lortu dugu, esaterako, pentsioak murrizketen aurreko kopuruetara itzultzea, eta pribatizazioak gelditu eta murriztea. Orain, aldaketa bat dago, eta PS saiatu da bere borroka akordioko gainontzeko alderdien aurka bideratzen [BErekin eta PCP Portugalgo Alderdi Komunistarekin], bozetan gehiengo osoa lortzeko. Orain, argi dago ez duela gehiengo hori lortuko, baina horrek konfrontazio bat sortu du PSren eta gainontzeko alderdien artean honen inguruan: datorren legealdian nola gobernatu eta zer egin.

Legealdi horri begira, zeintzuk dira helburuak?

PSren gehiengo oso bat eragoztea. Gure kasuan, diputatu gehiago lortzea, horixe bera eragozteko. Asko dago egiteko: soldatak igotzea, osasun sistema nazionala hobetzea, klima larrialdiaren auzia jorratzea... Hori lor dezakegu botere ekonomikoekin lerratzen ez den gobernu bat osatuta.

Akordio bat egin zenuten PSrekin eta PCPrekin. Esperientzia positiboa izan al da?

Bai. Eskuineko gobernua gelditu zuen, murrizketa neurriekin erabat lotuta zegoena; neurri krudelak izan ziren. Herritarrek ongietorria eman zioten gobernu hori gelditzeari, eta inkestek diote aldaketa pozez hartu zutela. Arrakastatsua izan da, neurri gehienak martxan jarri ditugulako. Hori bai, akordioak ez zituen sektore guztiak hartu, eta desadostasun handiak egon dira krisi ekonomikoari aurre egiteko moduan. Tentsioa egon da alderdien artean, baina lortu ditugu aldaketak langileentzat eta pentsioetan.

Zeintzuk izan ziren itun hori lortzeko baldintzak? Eskuinaren austeritate neurriak?

Bai, baina batez ere herritarren presioa, eta PSk gehiengo osorik ez izatea. Gehiengo bat osatu beharra zegoen, gobernuak agindu bat izan zezan. Ezohiko egoera bat izan zen.

2015eko akordioa errepikatzearen alde zaude?

PSk ez du hori egin nahi, eta uko egin dio aukera horri. Igandeko bozetatik aterako den indar harremanen araberakoa izango da. Agindu berri bat beharko litzateke enplegu arloan eta enpleguarekin zerikusia duten neurriekin egiturazko aldaketak egiteko; gauza bera herritar guztiei eragiten dieten osasun neurriekin.

Hori guztia egiteko eskaria baldin badago, eta orientazio berri bat posible bada, akordio batekin lor genezake. Noski, enpresa elkarte garrantzitsuenak PSren alde egiten ari dira, ez dezan gainontzeko alderdiekin akordiorik egin. Ikusiko dugu, botoaren araberakoa izango baita.

Zeintzuk dira aipatu dituzun egiturazko aldaketak?

Auzi sozialekoak, etxebizitzarekin zerikusia dutenak; etxebizitza publikoen erabilera hiri handietako alokairuak merkatzeko, garraio publikoaren gastua, behar adina mediku eta erizain izatea ospitaleetan, eta horrelako adibideak. Herritarren egunerokoa hobetu dezaketen neurri ekonomiko eta sozial erakargarri eta ausartez ari naiz. Adibide batzuk dira, baina hori da datozen urteetarako programa.

BE eta PCP gabe, Antonio Costa jarduneko lehen ministroak azken legealdiko neurri berak sustatuko al zituen?

Ez dut uste. 2015eko bozetako PSren programan jartzen zuen pentsioek bere horretan jarraituko zutela, hau da, murrizketen garaiko kopuru beretan. Akordioko beste alderdiei esker, gutxieneko soldata %20 igo da, eta pentsioak handitu egin dira, batez ere pertsona pobreenenak, horiek baitira biztanleriaren parte handiena.

Emaitzen arabera, Costa saia liteke Pertsonak-Animaliak-Natura alderdiaren babesa lortzen gehiengora horiekin iristeko?

Aukera bat da. Alderdi hori txikia da, pixkanaka politikan agertzen ari dena; hiru edo lau diputatu lor ditzake gehienez [egun bakarra du]. Ziurrenik ez da nahikoa izango gehiengo osora iristeko. Dena den, iruditzen zait politikoki zaila izango dela, ezkerra oraindik oso indartsua delako, eta PSri zaila egingo zaiolako hori egitea.

Portugal krisitik atera al da?

Bai, neurri batean: per capita BPGa krisiaren aurrekoa baino handiagoa da, eta langabezia tasa %6ra jaitsi da, baina soldatak oraindik txikiak dira. Enplegua sortzeko modu berriak daude, batez ere pobreenen egunerokoa aldatu dutenak. Garrantzitsuena da austeritatearen beldurra ez dagoela; herritarrak ez dira beldur gauean telebista pizteaz, eta soldata eta pentsioen murrizketen albisteak agertzeaz.

Astelehenetik aurrera zer egin

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna