TXERTO MOTAK

2020ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Hainbat txerto mota daude. Hona hainbat argibide horren harira:

INDARGABETURIKO BIRUSA

Txerto mota ohikoena da, eta, orain arte, eraginkortasun maila handiena erakutsi duena: birusaren bertsio inaktibo edo indargabetu bat txertatzean datza. Patogeno kamustu horrek antigeno izenekoak ez du gaixotasuna eragiteko gaitasunik, baina immunitate sistema aktibatzen du organismoan, birusa identifikatu eta horren aurkako antigorputz espezifikoak ekoitz ditzan. Horrela, etorkizunean infekzio bera pairatuz gero, gorputza gai izanen da birusa azkar antzemateko eta suntsitzeko. Multzo honetakoak dira gripearen, barizelaren eta elgorriaren aurkako txertoak, besteak beste. Are: gaur egun erabiltzen diren txerto gehienen oinarrian daude patogenoen bertsio indargabetuak edo kamustuak.

DNA etaRNA bidezkoak

Txerto genetikoek birusaren DNA edo RNA erabiltzen dutenek ez dute organismoan birusaren bertsio indargabeturik sartzen: horren ordez, birusaren material genetikoa bakarrik erabiltzen dute, nanopartikula lipido artifizial baten barruan garraiatuta. Hartara, birusaren ordez, «birusaren eskuliburu genetiko bat» erabiltzen da, gorputzak alarma piztu eta immunitate sistemak antigorputzak sor ditzan. AEB Amerikako Estatu Batuetako Moderna enpresa izan da metodo hori gizakietan erabiltzen lehena, SARS-CoV-2 birusaren sekuentzia genetikoa ezagutarazi zenetik 66 egunera. Horrez gainera, Inovio (AEB), Pfizer (AEB) eta Biontech (Alemania) enpresak ere ari dira ikuspuntu bereko txertoak fase klinikoan ikertzen.

ADENOBIRUS TXERTOAK

COVID-19arentzako txerto bat aurkitzeko gizakiekin saio klinikoak egiten ari diren ikerketa taldeen artean, hainbat ari dira bide hau lantzen; tartean Oxford Unibertsitateak eta Astra Zeneca multinazionalak elkarlanean sustatutako proiektua dago. Oinarri teorikoa da zabaltzeko gaitasun urria duen birus bat hartzea adenobirus bat, esaterako, eta horretan SARS-CoV-2aren proteinak txertatzea, gorputzean erantzun immunitario bat eragiteko. Oxford Unibertsitateak, adibidez, txinpantzeei eragiten dien adenobirus bat hartu du txertoaren bektore gisara. Ikerketaren arduradunen arabera, adenobirus bidezko txertoak gai lirateke babes «iraunkor eta sendo bat» eragiteko.

PROTEINETAN OINARRITUAK

Txertoa lortzeko lasterketan, badira birusaren proteinetan oinarritutako ikerketak ere. Metodo horretan, giza organismoan txertatzen dena ez da birusa bera edo haren bertsio indargabetu bat, birusaren kanpoaldeko proteinak (edo proteinen zatiak) baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.