Koronabirusa

Presioa nola arindu, eltzea leher ez dadin

ZIUen okupazioak gora egin du egunotan, eta ezohiko neurriak hartu behar izan dituzte ospitaleetan. Ohe gehiago jartzeko aukera dago oraindik, kontingentzia planen arabera

PCR proba bat egiten Ordizian (Gipuzkoa), joan den astean. GORKA RUBIO / FOKU.
Ion Orzaiz.
2020ko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Sistemak ez du gainezka egin, baina joera ez da ona. Kezka eragiten du Euskal Herriko ospitaleetako ZIU zaintza intentsiboetako unitateen okupazio mailak: azken egunetan, nabarmen egin du gora COVID-19agatik egoera kritikoan dauden gaixoen kopuruak, eta hainbat zentrotan ezohiko neurriak hartu behar izan dituzte, sistema indartze aldera; besteak beste, «lehentasunezkoak» edo «larrialdikoak» ez diren ebakuntzak atzeratu dituzte, eta behin-behineko ZIUak atondu, ospitaleetako beste eremu batzuetan.

Osakidetzak, esaterako, ZIUetako kontingentzia planaren hirugarren fasea aktibatu zuen ostegunean —sei fase dira, guztira—Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ospitale guneetan. Bigarren fasean, ZIUetako 282 ohe okupatzeko aukera ematen zuen planak; aurrerantzean, 327 izanen dira, baina, behar izanez gero, 427 ZIU postu atontzeko aukera ere badute osasun arduradunek. Laugarren fasea ezarriko balitz, zerbitzua are gehiago handituko litzateke —558 postu—, eta izurriaren bigarren olaturako propio diseinatutako seigarren fase bat ere jasota dago kontingentzia planean: horren arabera, 692 ZIU ohe jar litezke, gehienez.

Hala ere, Eusko Jaurlaritzak ohartarazi du ZIUen ezohiko handitzeak eraginen duela beste espezialitate batzuetako espazioak okupatzea eta ohiko jarduerak etetea. Hori gertatu da jada hainbat ospitaletan, eta uste izatekoa da joera ez dela berehalakoan aldatuko.

Ipar Euskal Herrian, duela astebete gainditu zuten gaixo kritikoen marka: azaroaren 5ean, hamahiru paziente zeuden Baionako ospitaleko ZIUan; lehen olatuak goia jo zuenean baino gehiago, eta kontingentzia planak ezarritako langa gainditzetik oso gertu —14 ohe, planaren lehen fasean—. Hori dela eta, bigarren faseari ekin zioten zentroko arduradunek: ZIU ohe kopurua handitu zuten —20 dituzte orain—, eta bertan behera utzi zituzten larrialdikoak ez ziren ebakuntza guztiak. Eskualdeko Osasun Agentziak ezarritako planaren arabera, zazpi ohe gehiago jartzeko aukera izanen lukete, izurriak okerrera eginen balu.

120 ohe, Nafarroan

Urriaren 22an, Nafarroako Gobernuak neurri murriztaileak indarrean jarri zituenean, Osasun Departamentuko zuzendari Carlos Artundok ohartarazi zuen osasun sistemaren baliabideak «muturreraino tenkatzen» ari zirela. Egun horretan, 38 gaixo kritiko zeuden Nafarroako Ospitale Guneko ZIUetan. Orain, 61 dira.

Sistemak gainezka egin ez dezan, ZIU ohe kopurua handitu du Osasunbideak, ospitaleetako eremu asko COVID-19az kutsatutako gaixo larrienentzako erreserbatuta: Iruñeko Bideko Ama ospitalea, esate baterako, «COVID-19rako ospitale espezializatu» bihurtua dutela adierazi du Artundok.

ZIUei dagokienez, 86 ohe zituzten Nafarroan pandemiaren bigarren olatuaren hasieran; urriaren bukaeran, hamar gehiago jarri zituzten; azaroaren hasieran, endoskopia aretoa atondu zuten, 16 ZIU postu gehiago hartzeko; eta, iragan astean, zortzi ohe jarri zituzten kirurgia handiko anbulatorioko arean. 120 postu, guztira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.