Maite Asensio Lozano.
ANALISIA

Alardea bizitzeko bi modu?

2018ko uztailaren 3a
00:00
Entzun

Zer da alardea zuretzat?». Galdera horrekin hasi ziren Alardeak, ukatutako plazara liburua lantzean Irun eta Hondarribiko herritarrei eginiko elkarrizketa guztiak. Hain sakon errotutako errituaren esanahi emozionalak ulertzea zen asmoa. Eta aniztasun handia izan zen erantzunetan: askorentzat, urteko egunik garrantzitsuena da, ezinbestekoa euren identitatearen eraikuntzan; batzuek familiarekin bizi dute, eta beste batzuek, lagunekin, parrandan; batzuentzat konnotazio erlijioso berezia du, beste batzuei malkoak ateratzen zaizkie txilibituen lehen doinuak entzute hutsarekin; batzuek martzialtasunez desfilatzea gustuko dute, baina beste batzuek ondo pasatzea lehenesten dute...

Ehunka modu daude alardea ulertzeko, bizitzeko eta sentitzeko; herritar bakoitzak berea du, eta berea zuen emakumeen parte hartzearen inguruko gatazka piztu aurretik ere. Baina modu horiek guztiak errituan uztartzen ziren orduan: alarde bakarrean bat egiten zuten. Eta egun ere, funtsean, desfilea berdina da alarde mistoetan zein baztertzaileetan. Eragile batzuk, ordea, «festa sentitzeko bi moduz» mintzatzen dira oraindik.

Hala gertatu zen joan den astean ere, Gipuzkoako Batzar Nagusietan EAJren, PSEren eta PPren botoekin onartutako idatzian: alardeak sentitzeko bi moduei «errespetua» adierazteko, baztertu egin zuten aldundiari eskatzea bidal zezala ordezkaritza instituzional bat larunbatean Irungo alarde parekidea babestera. Festaren egunean, ordea, Irungo udaletxeko balkoian izan zen Eider Mendoza Batzar Nagusietako presidentea, EAJko beste batzarkide eta legebiltzarkide batzuekin batera. Jeltzaleen artean zerbait mugitzen ari den seinale?

Aurreko urteetan, Denis Itxaso Gipuzkoako diputatuorde nagusi eta Kultura ahaldunak egin bezala, Mendozak bi desfileak ikusi zituen balkoitik: andreak soilik kantinera gisa onartzen dituena lehenik, eta parekidea gero. Borondate oneko keinua izan zen, etsaitasun mezuak alboratzea eta gatazkaren bi aldeak hurbiltzea helburu. Itxasok ere aipatua du: ikusita egun auzia guztiz enkistatuta dagoela eta azken urteetako estrategiek ez dutela aurrerapauso agerikorik ekarri, instituzioek nekez lortuko dute ezer aldeetako bati bizkarra emanez —kasu honetan, desfile baztertzaileari—. Ildo horretan, gatazka konpontzeko estrategien ikuspegitik, baikorra da udaletan agintean dauden alderdietako ordezkariek udalek egiten ez duten hori egitea, hau da, desfile parekideak babestea.

Arazoa da gatazka konpontzeko estrategiarik ez dagoela martxan orain. Eta, bitartean, instituzioetatik igortzen diren mezuek nahasmena eta ezinegona eragin ditzaketela. Alardeak bizitzeko modu guztiak bitara murriztu dituzte: alardeak bizi daitezke emakumeekin, ala emakumerik gabe. Eta planteamendu hori, berez, sexista da, oinarrian duelako ideia baztertzaile bat: egon daitezkeela emakumerik gabeko espazioak, edo emakumeek gizonen pare jardun ezin duten eremuak. Mundua sexu bereizketaren arabera irakurtzea dakar horrek: gizonek gauza batzuk egiten dituzte, eta emakumeek, beste batzuk. Ikuskera hori defenda al dezakete berdintasun politikak eta diskurtsoak abian dituzten erakunde publikoek eta ordezkari politikoek? Emakumerik gabeko espazioek irautea ontzat jo al dezakete emakumeen giza eskubideak defendatzeko eginbeharra dutenek? Neutral ager al daitezke instituzioak halako gatazka batean, emakumeen bazterketarekin loturarik ez duen bizikidetza arazo bat balitz bezala? Eta, berdintasun auzi bat ez bada, zergatik ezin du egun 15 urteko neska batek txilibitua jo bere anaiaren alboan?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.