Pastor
DARWIN ETA GU

Euskaldunik ez meskitan

2019ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Zer hizkuntzatan erradikalizatu ziren, hala egin bazuten, Espainiako Poliziak ustez jihadismoarekin loturak izateagatik asteartean Gipuzkoan atxilotutako hiru lagunak? Zer mintzairatan jaso zituzten Poliziak aipatutako «gorroto eta indarkeriazko mezuak»?

Musulmanen otoitzerako tenpluei begira daude munduko poliziak. Bilgune horietan zer mezu aireratzen den jakin nahi dute. Hizkuntzak berebiziko garrantzia du ikerketan. Nola lortuko du Poliziak helburu hori, errezatzeko elkartzen den jendearen berbeta ulertzeko gai ez bada? Arazoari aurre egiteko arduradun erlijiosoekin harremanetan jarri ei da Ertzaintza, «meskitetako otoitzak gazteleraz egiteko eskatzeko». Horixe jakinarazi dute zenbait hedabidek. Horien arabera, ekinaldiaren bidez «mezua erradikalizatu egin dezaketen imanen kontrola» erraztuko litzateke. Eskaera ez omen da musulmanen gustukoa izan. Haien komunikazio tresnari uko egiteko esan zaie. Eskaeraren bidez hizkuntza kriminalizatu egiten da, nolabait. Euskaldunok badugu horren berri. Habla en cristiano zen lehengo leloa. Habla en cristiano, mahometano izan liteke oraingoa.

Bere jardueran indarkeria zantzurik baden jakiteko hizkuntzaz aldatzeko eskatu behar zaio, besterik gabe, pertsona bati? Ez dirudi joera hori denik jihadismoak gurean baino arazo gehiago sortu dituen lekuetan. Londresen Finsbury Park-eko meskita dago. Hango otoitzaldiak ez dira ingelesez izaten. Haien audio grabazioak entzun besterik ez dago. Meskita horri imam erradikalak izatea edo Irailaren 11ko atentatu egileen aldeko otoitzak egitea egotzi zioten iraganean. Azken urteotan, hainbat komunitate lan egin da meskitarekin batera. Gorroto krimenen aurkako kanpainak, esaterako.

Otoitzak ingelesez egiteko eskatzea baino modu hobeak dituzte Londresen imamen mezuen edukiez jabetzeko: arabiera, urdu edo beste hizkuntza batzuetan hitz egiten moldatzen diren poliziak dituzte, tenpluan zer esaten den ulertzeko. Edo errezoetara joaten diren mintzaira horien hiztunen testigantzak jasotzen dituzte. Gurean ez dago halakorik. Hemen hizkuntzari muzin egiteko eskatu zaie musulmanei. Erdaraz otoitz egiteko.

Euskaraz egiteko eskatzea ere ez nuke egokitzat joko. Dena den, irtenbide hori ez litzateke oso egingarria izango. Ez ditugu Erresuma Batuko eta Euskal Herriko egoera linguistikoak konparatuko: gure eskoletan ezarritako eredu linguistiko zoragarriaren ondorioz zaila izango da epe ertainean meskitara joaten diren musulmanek euskaraz egitea: gure ume guztiak erdara ikastera behartuta daude, baina gure ume guztiek ez dute euskara ikasi behar. Euskaldun gutxi meskitetan.

Gainera, musulmanek euskaraz ikasita ere, zer izango litzateke ostiral batean komisariako ertzain euskaldun bakarra gastroenteritisak jota balego? Nola ulertuko lituzke gure ertzain erdaldunak musulman euskaldunaren errezoak? Beraz, segi dezatela meskitetan arabieraz egiten, hori baita logikoena. Beharbada, horrela Erresuma Batuko ereduari segitu, eta arabiera ikasiko dute gure poliziek. Euskaltegirako bidea hartu ez duten ertzainei arabtegi-ra joateko gogoa piztuko zaie. Beharbada, euskaraz ikasi ez duten ertzain batzuek gusturago ikasiko dute arabiera.

Meskitetan erdaraz egitea iradoki du Gasteizek. Pragmatismoz. Errespetu osoz? 80ko urteetan Espainiako Poliziak Madrilgo Euskal Etxean euskaraz antolatutako hitzaldiren bat erdaraz egiteko eskatu balu, bertako euskaldunak erradikalizatu eta hiriburuan bonbak jartzen hasiko ote ziren beldur? Ez dugu Madrileraino joan behar, baina. Hasi zaitez, oraindik ere, Euskal Herrian polizia kontrol batean euskaraz egiten. Ez Poliziari, zure lagunari baizik, polizien aurrean. Kontrako erreakzioak edonondik jaso ditzakezu. Eta ez soil-soilik polizia nazional, guardia zibil edo jendarmeen aldetik. Zoritxarrez, zenbait kasutan, berdin dio boteredun horiek uniforme berde, urdin edo gorri duten. Berdin dio bi polizia horiek Zipi y Zape diren. Edo Zipi eta Zipi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.