Langile publiko elebidun baino postu elebidun gutxiago jarriko ditu Nafarroak

Euskara eskakizunak ipintzeko proposamen bat egin die gobernuak sindikatuei. Ardatz du langileen eskubideak ziurtatzea. Lehen sailean, bost postu gehiago izango lirateke
IDOIA ZABALETA / @FOKU

Garikoitz Goikoetxea -

2019ko otsailak 16
Langileen borondatea izango da ardatza Nafarroako Gobernuko postuetan euskara eskakizunak jartzeko. Administrazioan euskara erabiltzeko dekretua orain dela bi urte onartu zuen gobernuak, eta hura ezartzeko prozesua hasi du orain. Sindikatuei helarazitako proposamena eskuratu du BERRIAk, eta argia da irizpidea: postuan dauden langileen eskubideak bermatzea, eta «borondatea» dutenei ezartzea euskara eskakizuna. Hala ere, gobernuak langile elebidunen kopuruaren azpitik jarri du euskara eskakizuna egin beharreko lanpostuen kopurua. Hara: Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuak eskatu du beste bost posturi jartzea eskakizuna, eta denera 76 izatea —postuen %48—. Gobernuak egindako ikerketaren arabera, ordea, sailean 78 beharginek dute euskarazko maila ertain-altua, eta beste zortzik txikia.

Sindikatuekin bilera egin zuten atzo gobernuko arduradunek, proposamena aurkezteko. Egun batzuetako tartea utzi diete ekarpenak egiteko. Bi txosten helarazi dizkiete sindikatuei. Batetik, postu elebidunak ezartzeko irizpideak; bestetik, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamenturako proposamen zehatza. Sail horren euskara plana asteazkenean onartu zuen gobernu kontseiluak, eta datozen asteetan onartzekoak dituzte beste departamentuetako planak ere.

Gobernuak berak 2016an egindako azterketaren arabera, gobernuko hamar postutik batek du euskara eskakizuna; irakaskuntzakoak kenduta, postuen %0,5ek.

Euskara plana onartu duen saila, beraz, salbuespena da gobernuan, lanpostuen ia erdietan baitauka eskakizuna kontuan izatekoa da Euskarabidea barruan daukala departamentu horrek—.

Hiru urratseko bidea

Postu elebidunak nola ezarri, hiru urratseko sistema bat proposatu du gobernuak. Bat: eskakizunak jarri beharreko unitatean eta zereginean dauden langile finkoei galdetuko diete nork nahi duen eskakizuna bere postuari jartzea. Bi: galdera bera egingo diete lanpostu finkoa ez duten beharginei. Eta hiru: bi bide horietatik behar adina boluntario lortuko ez balituzte, berriena den postutik hasiko lirateke eskakizunak ipintzen.

Oinarri «boluntarioa» izango duenez, postu bati eskakizuna jarri eta aurrez dagoen langileak ez balu nahiko, ez luke bete beharko: «Baldintzak ez lioke eragingo, eta postuan segituko luke». Aldaketa balego, bai, langile berriak euskara eskakizuna bete beharko luke.

Eredu horretan oinarrituko dituzte sailez saileko proposamenak. Lehenbizikoa aurkeztu dute, eta bost posturi eragingo die aldaketak. Kontuan izatekoa da, hala ere, oraingo aldaketaren aurretik, azken urtean, beste bost posturi eskakizuna jarria diela sail horrek. Berriak hauek izango dira: liburutegiko arduraduna, herritarren harrerarako bi postu, bizikidetza zuzendaritzako administrari laguntzaile bat, eta berdintasun institutuko administrazio teknikari bat. C1 maila galdegingo diete guztiei, EGAren parekoa. Eskakizun horiek ezarrita ere, sailean euskararen ezagutza dutenak baino gutxiago izango dira.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna