Koronabirusa

Kutsatuak eta ospitaleratuak, etengabe gora

Bigarren olatuko positibo kopuru handiena atzeman dute Hego Euskal Herrian: 1.626. Ehun gaixo baino gehiago daude ZIUetan, eta ospitaleratu kopuruak ere marka jarri du

Baheketa egin dute Ordizian, positibo ugari atzeman eta gero. GORKA RUBIO / FOKU.
Ion Orzaiz.
2020ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Gero eta ilunago. Atzoko datuek agerian utzi dute Nafarroako azken hilabete eta erdiko bilakaera ez zela anomalia bat, gainerako herrialdeetan gertatzen hasi denaren aurrerapena baizik. Izurritearen kurba ezin apalduta segitzen dute Hego Euskal Herriko administrazioek, eta grafikoek joera kezkagarria marrazten dute, adierazlea edozein dela ere. Bigarren olatuko positibo kopururik handiena jakinarazi zuten atzo Osakidetzak eta Osasunbideak, asteazkenean eginiko probetan oinarrituta: 1.626 kasu, bezperan baino 423 gehiago. Osakidetzak emaniko datuen arabera, 13.470 proba egin zituzten Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Nafarroan, berriz, 3.651, PCRak eta antigenoenak zenbatuta. Bi pertsona hil ziren atzo Nafarroan COVID-19ak jota: 79 urteko gizon bat eta 82ko beste bat.

Datuak herrialdeka aztertuta, Nafarroa eta Gipuzkoa dira kutsatze gehien atzeman duten herrialdeak. Nafarroako Gobernuak emaniko informazioaren arabera, 593 kasu detektatu zituzten atzo —bezperan baino 226 gehiago—, eta, gainera, nabarmen egin du gora positibo tasak ere (%16,2), aurreko eguneko beherakadaren ostean. Gipuzkoan, 503 kasu zenbatu zituzten —asteazkenean baino 126 gehiago—; Bizkaian, 423—81 gehiago—, eta Araban, 96—bat gehiago—. Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo bizi diren 11 pertsonak ere positibo eman zutela jakinarazi du Osakidetzak.

Hamalau eguneko datuak kontuan hartuta, egoerak ez du itxura hobea: 100.000 biztanleko 991 kasu daude Nafarroan. Gipuzkoan ere, egunetik egunera hazten ari da hamalau eguneko positibo metatuen tasa: 577koa da adierazle hori jada. Bizkaian, 339 positibo daude 100.000 biztanleko, eta Araban, 312. Muga gisa 500 positiboko tasa ezarria dute, eta hortik gora dago Gipuzkoa, eta zer esanik ez Nafarroa.

Gipuzkoan, 5.000 biztanle baino gehiagoko hogei udalerri daude eremu gorrian, birusaren intzidentzia tasa handiagatik. Horietatik, nabarmentzekoak dira Azkoitia, Azpeitia, Beasain, Ordizia, Urnieta eta Zumaia herrietako azken bi asteetako datuak: mila kasutik gora 100.000 biztanleko. Langa horretatik hurbil daude Astigarraga (874) eta Tolosa ere (810). Bizkaian, 5.000 biztanle baino gehiagoko bost udalerritan gainditu dute 500 kasuren tasa: Abadiñon, Durangon, Elorrion, Ermuan eta Lekeition.

Presioa ospitaleetan

Positiboen hazkundeak eragina du osasun sisteman ere: COVID-19 gaitzak jotako 82 pertsona ospitaleratu zituzten atzo Hego Euskal Herrian. Guztira, 681 daude jada ospitaleetan bigarren olatuko kopururik altuena da. Gainera, datu hori abiada bizian ari da handitzen: %38 igo da azken bi asteetan. Kezkagarria da, halaber, erietxeetako ZIU zainketa intentsiboko unitateen okupazioa ere. Atzoko datuen arabera, 106 gaixo daude unitate horietan. Apirilaz geroztik, lehen aldia da ehun pazienteren langa gainditzen dutena.

Nafarroako Osasun kontseilari Santos Indurainek atzo aitortu zuen herrialdeko osasun sistemak «gainkarga handia» daukala, baina, haren arabera, oraindik ez du «gainezka» egin. Espero dute «datozen egun eta asteetan arintzea» egoera, berriki ezarritako neurri murriztaileekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.