Hezurretan irarritako historia

Lau hobi komun aurkitu dituzte Bilbon, Begoñako hilerrian egiten ari diren indusketetan, 28 bat gorpurekin. Itxura guztien arabera, lehen karlistaldikoak dira

Begoñako hilerrian indusketan diharduen lantaldea. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2022ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Ezusteko aurkikuntza egin dute Begoñako hilerrian (Bilbo), Aranzadi elkartea Begoñako Argia egitasmoaren karietara egiten ari den indusketan. Orain arte, 1935etik 1937ra arteko hezurdurak ari ziren ateratzen: Bilboko eta Euskal Herriko historiaren aztarnak, iragan hurbil batez mintzo direnak. Joan den urtarrilean, esaterako, Tomas Rubin Marin EAE-ANVko gudariaren gorpuzkiak berreskuratu zituzten. Baina badirudi historiaren geruza horren azpian geruza zaharragoak daudela, orain argitara ateratzen ari direnak. Lau hobi komun topatu dituzte, eta frogek erakusten dute haietako bi behintzat lehen karlistaldiaren garaikoak direla, 1833tik 1839ra arteko epekoak; oso litekeena da besteak ere garai bertsukoak izatea.

Aranzadi elkarteko kide Anartz Ormazak azaldu duenez, joan den astean sumatu zuten zerbait ezohikoa zegoela aztertzen ari ziren eremuan. Han aritzen diren praktiketako ikasleek indusketan zihardutela, ikusi zuten lehen ehortze mailaren azpian bazeudela beste gorpuzki batzuk, eta gorpuetako bat ahuspez zegoela. Horrek arreta eman zien: ez da normala gorpu bat gainerako gorpuzki guztien kontrako aldera egotea, eta horrek adierazten zuen zerbait ezohikoa zegoela lurperatze hartan.

Laster ikusi zuten hura hobi komun bat zela. Eta ez zela bakarra: orotara, lau hobi aurkitu dituzte, 28-30 bat gorpurekin. Gorpuzkiak lehen ehorzketa mailaren azpian zeudenez, pentsatzekoa zen 1936 baino lehenagokoak zirela. Zehazki noizkoak ote ziren jakitea, hor zegoen koska.

Botoiak eta txanponak

Hobietako batean aurkitutako objektuek lagundu dute lantegi horretan. Adibidez, botoi batzuk agertu dira, lehen karlistaldiaren garaian armada liberalak erabiltzen zuen ikurrarekin: horregatik uste dute gorpu horiek soldadu liberalenak izan daitezkeela. Batzuek Chinchilla berba daukate irarririk; beste batek, berriz, Trujillo. Aranzadiko ikertzaileek uste dute armada liberalaren batailoien izenak izango direla.

Txanpon batzuk ere agertu dira, hamar marabedikoak. Txanpon mota hori lehenagotik ere erabiltzen zen arren, aurkitutakoek 1833ko data daukate grabaturik. «Horrek kokatzen gaitu lehen karlistaldiaren garaian, 1833tik 1836ra, gutxi gorabehera», azaldu du Ormazak. «Guk lanean jarraituko dugu, aztertu ditugun agirien bidez badakigulako hemen liberalak zein karlistak lurperatu zituztela, baina oraingoz hauxe da daukaguna».

Lehenengo karlistaldian, Zumalakarregiren tropek Bilbori setioa ezarri ziotenean, armada karlistak Begoñako basilika hartu eta gotorleku bilakatu zuen. Leku estrategikoa zen hura: handik Bilbo osoa ikusten da, eta hiriari bonbaz eraso egiteko ezin aproposagoa da. Horregatik, Begoñako basilikaren eta Mallonako galtzarrien arteko eremu hori borroka leku bilakatu zen, eta hainbat aldiz pasatu zen armada baten eskuetatik bestearenetara.

Begoñako hilerria eremu horren erdi-erdian dago. Ofizialki, hilerria 1862an ireki zuten, baina zenbait agiritan jasotzen da han lehenagotik ere ehorzketak egiten zituztela. «Agiri bat aurkitu dugu, non ofizial karlista batek bere agintariei jakinarazten zien armada liberaleko sei soldadu fusilatu zituztela, 1834ko ekainean», azaldu du Ormazak. Hobietako batean sei gorpu agertu dira; oraindik goizegi da gorpuzki horiek fusilatutako sei soldadu liberal haienak ote diren jakiteko, baina hezurrak handik atera ostean Aranzadiko adituek xeheago aztertuko dituzte, eta pentsatzekoa da azterketa horretatik datu gehiago aterako direla.

Historia dokumentatzeko

Begoñako Argia Bilboko Udalak sustatutako egitasmoa da, Aranzadi elkartearekin batera gauzatzen ari direna: «Aukera paregabea da Begoñako eta Bilboko historia agerian uzteko, gordetzeko eta dokumentatzeko», esan du Bilboko Obretako, Hiri Plangintzako eta Proiektu Estrategikoetako zinegotzi Asier Abaunzak: «Honi esker, Begoñako eta Bilboko historia zehaztasun handiagoz ezagutu ahal izango dugu».

Begoñako hilerria 2003ra arte egon zen irekita, eta 2006an itxi egin zuten. Orain, Bilboko Udalak parke publiko bat eraiki nahi du han. Baina lehenago, gorpuzkiak handik atera eta aztertu egin nahi dituzte Aranzadi elkartearekin elkarlanean, «Bilboko memoria errespetatuz eta gordez», Abaunzak esan duen moduan.

Beharrari ekin aurretik ere, Aranzadiko teknikariek bazekiten hura ez zela alferrikako lana izango eta, adibidez, 1936ko gerran hildako 60 bat lagunen gorpuzkiak egon zitezkeela han. Badirudi hilerriak oraindik ezusteko gehiago dauzkala gorderik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.