Maravillasen aurkako bide judizialari eutsi dio Nafarroako Gobernuak

Gobernuak helegitea jarri dio gaztetxearen auzia artxibatzeko ebazpenari. EH Bilduk erabakia txarretsi du, eta «elkarrizketarako bideak zabaltzeko» eskatu dio Barkosi
Hustearen ondoren, bigarrenez sartu ziren gazteak eraikinera.
Hustearen ondoren, bigarrenez sartu ziren gazteak eraikinera. IÑIGO URIZ / FOKU

Ion Orzaiz -

2018ko abuztuak 23
Nafarroako Gobernuak ez du itxi nahi auzitegiko atea. Atzo, helegitea jarri zion Maravillas gaztetxearen auzia artxibatzeko erabaki judizialari, Rozalejoko markesaren jauregia «era adostuan» husteko asmoa duela argudiatuta.

Okupazioaren aurkako salaketa aurkeztua zuen Uxue Barkosen gobernuak, baina, iragan larunbatean, eraikina bigarrenez husteari uko egin ostean, epaileak artxibatu egin zuen auzia, gobernuak egoera «behin-behinean onartzen» zuela ulertuta. Presidentetza, Funtzio Publiko, Barne eta Justizia kontseilari Maria Jose Beaumonten esanetan, ordea, auziaren artxibatzea ez zuen eskatu Nafarroako Gobernuak. Gobernuak uste du auzia artxibatzea onartuko balu eraikinari uko egingo liokeela.

Kontseilariak berretsi zuen ez dutela «polizia prozesu» bat nahi, «adostua» baizik; baina, edonola ere, eraikina hutsik nahi dutela, bertan Oroimen Historikoaren Nafarroako Institutua paratzeko. Horregatik, «negoziatzeko prest» azaldu da gobernua behin baino gehiagotan. Hala ere, Maria Solana bozeramaileak onartu du oraindik ez direla batzartu gaztetxeko kideekin.

Gobernuaren jarrerak eztabaida piztu du laukoaren barruan ere. Atzo, gobernuak «bide judizialarekin duen tema» kritikatu zuen EH Bilduk. Ohar batean adierazi zuen Maravillas gaztetxearen auzia «elkarrizketaren eta negoziazioaren bidez» konpondu behar dela, eta joan den ostiraleko hustea eta Poliziaren oldarraldiak kritikatu zituen: «Nafarroako Gobernuak, aldaketaren testuinguru honetan, ezin ditu erabili iraganeko moduak eta metodoak gatazka hau konpontzeko».

Larunbatean, manifestazioa eginen dute gaztetxearen aldekoek, 18:00etan, Iruñeko autobus geltoki zaharretik abiatuta.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna