Auzitegi Gorenaren epaia. Mobilizazioak Euskal Herrian

Erantzun irmo eta bateratua galdegin dute

Epaia «demokraziaren aurkako eraso larria» dela salatu dute Gure Esku-k antolatutako mobilizazioetan; gazteek eta sindikatuek ere antolatu dituzte protestak aste honetarako

Altsasuko auziko guraso batzuk, Kataluniakoa salatzeko atzo eginiko elkarretaratzean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
jokin sagarzazu
Donostia
2019ko urriaren 15a
00:00
Entzun

«Injustizia baten aurka eta oinarrizko eskubideen alde» bat egitera deitu zuen GE Gure Esku-k, atzo. Arratsaldean elkarretaratze «zaratatsuak» egin zituzten Euskal Herriko hiri, herri eta auzo askotan —200dik gora, antolatzaileen arabera—, Erreferenduma ez da delitua lelopean. Protestetara joandako askok txistuak eta sukalde tresnak eraman zituzten, harrabotsa egiteko. Ekintza horietan, erabakitzeko eskubidearen aldeko euskal plataformako kideek azpimarratu zuten errepresioa ez dela bidea eta konponbidea «elkarrizketatua eta politikoa» izan behar dela. «Bidegabekeriaren aurrean, beti elkartasuna. Oztopoen aurrean, irudimena eta ahalegin kolektiboa».

Erantzun bateratua. Horixe Donostian eginiko elkarretaratze jendetsuan Gure Esku-ko bozeramaile Amalur Alvarezek nabarmendu zuen ideia. Euskal Herritik erantzun «zabal eta irmo bat artikulatzeko» deia egin zuen; Auzitegi Gorenaren erabakiak ez diela soilik Kataluniako herritarrei kalte egiten azpimarratu zuen. «Guztion oinarrizko eskubide eta askatasunei eragiten die». Protestara joandakoek Hernani kalearen eta Bulebarreko kioskoaren arteko espazioa bete zuten, haietako askok ikurrinak eta esteladak eskuetan. Preso politikoen askatasunaren eta independentziaren aldeko mezuak oihukatu zituzten, eta Altsasuko gazteen askatasuna galdegin zuten. Donostian bezain jendetsuak izan ziren Hego Euskal Herriko beste hiriburuetan eginiko elkarretaratzeak, eta antzeko mezu eta aldarriak zabaldu zituzten. Gasteizen, Andre Maria Zuriaren plazan bildu ziren, eta Iruñean, udaletxearen aurrean. Bilbon, Zazpikaleetatik udaletxerako bidea egin zuten.

Jendetza bildu zen Donostiako Bulebarrean. Jon Urbe / Foku

Atzokoaz gain, mobilizazio gehiago iragarri dituzte aste honetarako. Gure Esku-k manifestazioa antolatu du larunbaterako, Donostian —ez du zehaztasun gehiago eman—. Gehiengo sindikalak —ELA, LAB, Steilas, ESK, Etxalde eta Hiruk— elkarretaratzea egingo du bihar Bilboko Arriaga plazan, 11:30ean. Horrez gain, kontzentrazioetara deitu dute ostiralerako, enpresetan eta industrialdeetan. Ernai ezker abertzaleko gazte antolakundeko kideak, berriz, ostegunean mobilizatuko dira, hiriburuetan.

Gure Esku-ren arabera, «demokraziaren aurkako eraso larria» da Auzitegi Gorenak atzo kaleratutako epaia. Uste du ebazpenak «ate handi bat» zabaltzen duela «eskubide zibil, politiko eta kolektiboak kriminalizatzeko. «Kriminalizazio hau erabat onartezina da». Gure Esku-k azaldu duenez, oinarrizko eskubideak erabiltzea ezin da delitua izan herrialde demokratiko batean. «Alderantziz, botere publikoen ardura da haien erabilera bermatzea».

Salaketaz gain, «elkartasuna eta berotasuna» adierazi die epaiaren «bidegabekeriaren ondorio larriak pairatu behar dituztenei eta haien senideei». «Besarkada estu bat zuentzat. Aske nahi zaituztegu». Erabakitzeko eskubidearen alde Katalunian ari diren talde eta eragileei babesa agertu die, eta berretsi du lanean jarraituko duela Euskal Herrian ere eskubide hori «legeztatua» eta «erabilia» izan dadin. «Ebazpen honen aurrean, gure helburua berretsi baino ezin dugu egin. Ez dugu atzera egingo. Aurrera egingo dugu herri gisa, eta aurrera, beti, Kataluniarekin».

Gasteizen eginiko elkarretaratzea. Juanan Ruiz / Foku

Auzitegi Gorenaren epaiak ez du ezustean harrapatu taldea, eta egoeraren larriaz ohartarazi du. «Hilabete luzeetan aurreikusi duguna berretsi du Espainiako Estatuak: larrialdi demokratiko batean gaude». Prozesu judiziala hasieratik amaierara arte ez dela justua izan salatu du: «arbitrariotasunez beteta» egon dela, «funtsik gabeko akusazioetan» oinarritu dela, eta behin-behineko espetxealdiarekin presoen eskubideak urratu direla. Gogoratu du Nazio Batuen Erakundeko Atxiloaldi Arbitrarioei buruzko lantaldeak gauza bera esan zuela. Horiek hala, «epaiketa politiko» horren «amaiera justu bakarra» absoluzioa dela berretsi du, eta nabarmendu du aldarri hori bera egin dutela Kataluniako, Euskal Herriko eta nazioarteko «milaka ahotsek».

Beldurraren estrategia

Gure Esku-k ohartarazi du Espainiako Estatuak «beldurra» zabaldu nahi duela herritarrek gal dezaten «burujabetza asmoak lortzeko itxaropena». Helburu hori izango luke atzo kaleratutako epaiak, eta, oro har, prozesu subiranista abiatu zutenetik galdeketaren aldekoen aurka Espainiako Estatuak erabilitako errepresioak. Euskal Herrira itzuliz, Altsasuko auziko epaia jarri du estrategia horren adibide gisa Gure Esku-k.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.