Arrazakeria egotzi dioten autobus gidaria babestu egin du Urtaranek

Alkateak gorroto delitua antzeman du autobus erabiltzaile baten hitzetan, eta gogor kritikatu ditu

Tuvisa enpresa publikoaren autobus batean gertatu zen eraso arrazista, herenegun. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Jon Rejado.
Gasteiz
2019ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
«Autobus gidari batek arauak bete behar direla gogoraraztea ez da jokabide arrazista». Hitz horiekin babestu du Gorka Urtaran Gasteizko alkateak autobus publikoetako gidari bat. Herenegun grabatu zuten bideo bat, eta sare sozialetan zabaldu. Arrazakeria salaketak iritsi dira. Alkateak aitortu du gidariak «agian» ez zuela modurik onenean jokatu bidaiariarekin. Edonola ere, «babes osoa» agertu dio, eta gaineratu du ez duela inolako zigorrik jasoko gertatutakoagatik.

Bideoa Instagram sare sozialean zabaldu zuen erabiltzaile batek herenegun. Zazpigarren lineako autobus gidari baten —gizonezkoa eta zuria— eta emakume beltz baten arteko eztabaida erakusten du. Andrearen alaba patinete batekin sartu zela-eta hasi zen eztabaida: gidariak emakumeari kontu hartu zion, araudiaren arabera autobusera sartu aurretik tolestu behar delako patinetea; emakumeak erantzun zion haurrak «behar bereziak» zituela, eta barruan tolestuko zuela. Emakumea barrura zihoala, gidariak komentario bat egin zuen, bideoa grabatu zuen bidaiariaren arabera: «A zer pazientzia hauekin». Emakumea gelditu egin zen, eta galdetu: «Pazientzia hauekin? Norekin?».

Hortik aurrera, eztabaida gogortu egin zen. Eserlekutik altxatu zen gidaria, eta emakumea zegoen lekura joan: leporatu zion «egunero» sartzen dela autobusera patinetea tolestu gabe. «Hurrengoan ez zara sartuko», ohartarazi zion gidariak. «Arrazista zara», erantzun emakumeak.

Tuvisako kontseilarien bilera egin zuten atzo, gertatua aztertzeko. Ondorioztatu zuten gidariak ez zuela arau hausterik egin.

Heriotza mehatxua

Gidariarekin eztabaida amaitu ondoren, beste bi erabiltzaile emakumea iraintzen hasi ziren, gertaera grabatu zuen pertsonaren arabera. Irain horietako batzuk idatziz jaso zituen, ez dira bideoan ageri. Bideoan ageri da, ordea, gizonezko batek egindako heriotza mehatxua: «Militarra naiz; hogei urte daramatzat zu bezalako jendea akabatzen». Grabatu zuen bidaiariak kontatu duenez, emakumea autobusetik irtetera zihoanean ere gizonezkoak heriotza mehatxuekin jarraitu zuen. Urtaran alkateak hitz horiek deitoratu ditu, eta gorroto delitu gisa har daitezkeela aipatu du. «Oso larritzat» jo ditu. «Gasteizen ez dugu halako jokabiderik nahi».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.