Koronabirusa

Hamabost talde txertoa jasotzeko

Espainiak antolatua du txertaketa hiru fasetan egiteko plana, eta biztanleria hamabost taldetan sailkatuko du. 65 urtetik gorakoak eta patologiaren bat dutenak lehenetsi ditu

Salvador Illa, atzo, Zendal botika etxeari egindako bisitan. SALVADOR SAS / EFE.
Edurne Begiristain.
2020ko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Koronabirusaren aurkako txertaketa kanpainari buruzko xehetasun gehiago eman zituen atzo Salvador Illa Espainiako Gobernuko Osasun ministroak. Hiru fasetan egingo dute kanpaina, 2021eko urtarril eta ekain bitartean, eta biztanleria hamabost taldetan banatuko dute. Lehentasunen arabera jarriko zaie txertoa herritarrei. Oraingoz, zehaztuta dagoen talde bakarra lehena da: zahar etxeetako egoiliarrak, osasungintzako langileak eta dependentziaren bat duten gaixoak. Txertoa hartzen lehenak izango dira horiek, urtarriletik martxora bitartean. Haien ostean hasiko dira txertatzen gainerako taldeetan dauden herritarrak, eta, atzo Osasun ministroak aurreratu zuenez, honako hauek izango dira: 65 urtetik gorako herritarrak; patologiaren bat duten arrisku taldeko pertsonak, arrisku gutxikoak eta handikoak bereizita; espazio itxietan lan egiten dutenak; baldintza sozioekonomikoengatik «egoera zaurgarrian» daudenak;«ezinbesteko jardueretako» langileak; irakasleak; haurrak; nerabeak eta gazteak; intzidentzia altuko eremuetan edo agerraldiak dituzten tokietan bizi direnak; haurdun dauden emakumeak eta edoskitze garaian dauden amak, eta koronabirusarekin immunitatea lortu duten pertsonak.

Herritar taldeak definitu ditu gobernuak, baina ez du zehaztunoiz eta nola egingo duen txertaketa. Urtarriletik martxora bitarteko faseak zehaztuta daude, baina ez lehentasunezko talde horiek zein fasetan jasoko duten txertoa. Illak atzo esan zuen «goiz» dela oraindik hori zehazteko, eta bigarren eta hirugarren fasea iritsi ahala eta behin teknikariek txertoen erabilgarritasunari buruzko datuak esku artean dituztenean erabakiko dutela nori jarri txertoa lehenbizi. Gaineratu zuen txertoa jartzeko ordena erabakitzerakoan hainbat aldagai hartuko dituztela kontuan; hala nola hilkortasuna, transmisiorako arriskua eta «zaurgarritasuna».

«Seguruak» diren txertoak baino ez dira banatuko herritarren artean, Illak azpimarratu zuenez. Are: Botiken Europako Agentziaren baimena jasotzen duten txertoak baino ez dituzte erabiliko, eta behar adinako bermerik ez dutenek ez dute baimenik izango. Argi utzi zuen biztanleria guztiarentzat txertoak egongo direla. Datu bat eman zuen: Europako Batasunak dagoeneko sinatu dituen kontratuen arabera, Espainiak 140 milioi dosi eskuratuko ditu 80 milioi herritar ingururi jartzeko. «Biztanle guztiei emateko eta beste herrialde batzuei elkartasuna adierazteko adina txerto egongo dira». Gainontzeko txerto guztiak bezala, COVID-19arena ere ez da derrigorrezkoa izango Espainiako Estatuan, baina Osasun ministroak txertaketa datu altuak espero ditu.

Osakidetzak egingo du

Txertaketari buruz mintzatu zen atzo Gotzone Sagardui EuskoJaurlaritzako Osasun sailburua Eusko Legebiltzarrean. Azaldu zuen ez dakitela zein izango den aurrena iritsiko den txertoa eta zer ezaugarri izango dituen, baina argi utzi zuen txertoa jartzeko ardura Osakidetzak izango duela, «baduelako nahikoa logistika, langileak eta eskarmentua». Farmaziek txertoa jartzea, beraz, ez zuen beharrezko ikusi.

Antigeno probak farmazietan egiteko aukeraz galdetuta, Sagarduik baztertu egin zuen oraingoz aukera hori, eta gogora ekarri zuen Espainiako Gobernuak ez duela eman horretarako baimen espliziturik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.