Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Kanpaina. Aitor Esteban. EAJ

«Ez dut inoiz ikusi PSE PSOEren irizpideen aurka botoa ematen»

EAJren hautagaiak uste du «aldaketak» badatozela, baina ez daki horiek onerako ala txarrerako izango diren; edozein modutan, «aukera baliatzeko edo kontra egiteko», EAJk han egon behar duela pentsatzen du.

MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
gotzon hermosilla
Bilbo
2015eko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Hiru legegintzaldi daramatza Aitor Estebanek (Bilbo, 1962) Espainiako Kongresuan, eta EAJren Bizkaiko zerrendaburu gisa aurkezten da laugarrenerako. Espainiako presidentea aukeratzeko tirabiretatik kanpo ikusten ditu jeltzaleak, oso argi duelako zein den EAJren eginkizuna Madrilen: haren hitzetan, «egunerokoan euskal herritarren interesak defendatzea», gobernua kolore batekoa zein bestekoa izan. Sabin Etxea EAJren egoitza nagusian erantzun die BERRIAren galderei.

Zein aldarterekin egiten die aurre EAJk hauteskunde hauei?

Gogotsu. Hauteskunde garrantzitsuak direla uste dugu, nahiz eta jendeak batzuetan pentsatzen duen Madrilen erabakitzen denak hemen ez duela eraginik. Oraindik badu, handia gainera. Denbora berriak datozela dirudi, norantz joko duten oraindik ez dakigun arren, eta azkenengo adierazpenen arabera ematen du batzuek zentralizazio prozesu bati ekin nahi diotela. Beraz, EAJren ordezkaritza beharrezkoa izango da autogobernua defendatzeko.

Hortaz, aldaketa etorri badatorrela uste duzu.

Alderdien sistema orain arte ezagutu dugun moduan behintzat badirudi aldatuko dela, eta estatuaren egitura bera ere kolokan dago, krisi ekonomikoak egitura horrek zituen zenbait hutsune agerian utzi dituelako. Aldaketa horiek baliatu ahal izateko, edo aurre egin ahal izateko, euskaldunok han egon behar dugu.

Aldaketa horren gako garrantzitsua izango da gobernu berriaren osaketa. Ez al dago arriskua lehia horretan ez zaudeten alderdiak, eta alderdi abertzaleak bereziki, kalteturik ateratzekoa?

Arrisku hori beti egon da, baina nik uste dut euskaldunok beste gizarte bat osatzen dugula eta beste pentsamolde bat dugula. Badakigu hau ez dela soilki presidente bat aukeratzea. Lau urteko agintaldia dago jokoan, eta lau urte horietan legeak bozkatuko dituztenak aukeratu behar dira. Argi dago Rajoy, Sanchez, Rivera zein Iglesiasekin euskaldunak ezin direla oso seguru sentitu. Hurrengo gobernuburua horien artean egongo da, baina den-denek Madrilgo ikuspegia dute, eta egunero euskal herritarren interesak defendatuko dituztenak beste batzuk izango dira.

Zelan baloratzen duzu PPren agintaldia?

Gehiengo osoa erabilita, behin eta berriro baztertu dituzte gainerakoak. Zenbait egitasmo eztabaidatu ere ez dituzte egin, dekretu bidez onartu dituztelako, edo batzordeetan, arineketan eta epeak laburtuta. Eta egoera ekonomikoa aitzakiatzat hartuz zentralizazio prozesu bati ekin diote.

Ezer positiborik ez duzu ikusten, beraz.

Bai, badago kontu bat aipatu beharrekoa, Udal Legea, alegia. Gurekin ados jarri ziren, eta horren bitartez lortu dugu orain arte ez geneukana, hau da, udal mailan eta Espainiako udalekin alderatuta sistema berezia edukitzea, dirubideak ere desberdinak izatea eta kontrola Espainiako Gobernuak zuzenean ez eramatea. Espainiako udaletarako lege hori nahiko kaltegarria da, baina guk aurrera egitea lortu dugu, PP oso estualdi larrian zegoelako une hartan.

Espainiako Konstituzioa aldatzeko posibilitatea jarri da mahai gainean. Jarrerak ikusita, hori, une honetan, aukera edo mehatxua da?

Ikusi egin beharko litzateke nortzuk eramaten duten aurrera. Nik uste dut helburua izan behar dela gure naziotasuna aitortua izatea eta aldebikotasuna bermatzea. Hori lortzeko Espainiako Konstituzioa aldatu behar da? Ikusiko dugu; beharbada beste bideren bat egon daiteke, hor lehenengo xedapen gehigarria dagoelako. Agian, ukitu batzuk eginez, lau herrialdeen estatus berezia aitor liteke Konstituzioaren bestelako aldaketarik egin gabe; edo, bestela, Konstituzioaren inguruko eztabaida goitik behera zabaldu. Gu ez gara eragileak izango, baina eztabaida badago, han egongo gara, dudarik gabe.

Kontzertuaren inguruko polemika hauteskundeei begira piztu dela uste duzu, edo, aldiz, horren atzean kontzertua baliogabetzeko benetako saioa dagoela pentsatzen duzu?

Alberto Riveraren adierazpenak ditugu hor, duela gutxi egindakoak, eta, gainera, badakigu zein den alderdi horren jatorria. Pablo Iglesiasek ere izan ditu adierazpen batzuk —kontzertua egokitu egin behar dela elkartasuna ziurtatzeko eta abar— erakusten dutenak ez dakiela kontzertuak zelan funtzionatzen duen. Eta beste bi alderdi nagusiek ere abagunearen arabera jokatuko dute.

PSE-EE zuen bazkidea da hainbat erakundetan, eta argi esan dute kontzertuaren alde egingo dutela. Haiekin ere ez zara fio?

Kontzertua blindatzeko proposamena behin eta berriz aurkezten genuenean, PSOE eta PP beti aurka agertzen ziren. Eta azkenean lortu genuen, baina zergatik? Zapaterok aurrekontuak aurrera ateratzeko EAJren botoak behar zituelako. Beraz, ni fio naiteke Espainiako lau alderdi nagusiekin gai horretan? Ez. Lehen egiten zenuen galderari erantzunez, ez da soilki hauteskundeei begirako zerbait; hor badago jende bat, oso konbentzituta, zinez pentsatzen duena 1980an ez zela kontzertua eman behar. Oso ondo dago PSE-EE kontzertuaren alde agertzea, eskertzen diet, eta hori egin behar dute gainera; baina ikusiko dugu benetako momentua iristen denean. Nik ez dut inoiz ikusi PSE-EE PSOEren irizpideen kontra botoa ematen.

EAJren botoak beharrezkoak balira PP gobernutik kanporatzeko, zein jarrera hartuko zenukete?

Gure borondatea ez da Espainia gobernatzea. Gu ez goaz horretara. Lau alderdi horiek oilarren arteko borroka egiten badute, eurek konponduko dituzte eurenak. Orain, ikusten badugu mugimenduren bat egitearen truke Euskadirentzat onura edo bermeren bat lortzen dela, ikusiko genuke. Baina hori euren borroka da; gure helburuak beste batzuk dira.

Txeke zuririk ez, beraz.

Dohainik, politikan, gauza gutxi dago. Bestela izango litzateke printzipio kontua balitz, askatasunekin eta giza eskubideekin zerikusia duena; pentsa, esaterako, hautagairen batek askatasunetan sekulako murrizketak egitea proposatzen duela edo antzeko zerbait. Kasu horretan, jakina, guk horri kontrako botoa emango genioke. Baina politika negoziatzea da, eztabaidatzea, zure programa betearaztea ahal duzun neurrian, eta erabaki bat hartzen duzunean, beti izan behar da horretarako arrazoi bat duzulako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.