Koronabirusa

«Egoera erdi kontrolatuta zegoela egin genituen aurreikuspenak»

jokin sagarzazu
2020ko urriaren 23a
00:00
Entzun
COVID-19aren bigarren olatua deiturikoak orain arteko egindako aurreikuspen ekonomikoak ere zapuztuko dituen ustea indarra hartzen hasi da. Euskadi Irratian eginiko elkarrizketa batean, Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak azaldu du «pandemia erdi kontrolatuta zegoela pentsatuz» egindakoak direla aurreikuspen horiek, eta aitortu du okerrera egin dezaketela, osasun krisiari aurre egiteko hartzen diren neurrien arabera. Horiek horrela, enpresei eta langileei lasaitasun mezua igorri nahi izan die, eta ziurtatu du erabaki «murriztaileagoak» hartzen badira Jaurlaritzak «neurri berezi gehiago» hartuko dituela gehien kaltetutako sektoreei laguntzeko.

Azpiazuk, dena den, eutsi egiten dio hurrengo urtean «hazkunde garrantzitsua» izango den esperantzari; uste du horrek oraingo egoera «nolabait konpentsatuko» duela. Uda amaieran, Jaurlaritzak aurreikusi zuen ekonomia %10,1 uzkurtzea 2020aren amaieran, eta %8,9 haztea 2021ean.

Ekonomia sailburua kezkatuta azaldu da, halaber, hirugarren hiruhileko enplegu datuekin: uste du albiste ona dela 3.000 lanpostu sortu izana, baina zehaztu du langabezia ez dela %10era jaitsi enplegu asko sortu delako, jendea lana bilatzeko dituen zailtasunengatik baizik. «3.000 enplegu inguru sortu dira, baina kontuan izan behar dugu aurreko hiruhilekoan 30.000 inguru suntsitu zirela».

Azpiazu gastu publikoa handitzearen alde azaldu da, eta horretarako «bide egokiena» zorpetzea dela eta ez zergak igotzea. «Zergak igotzea kaltegarria da enpleguarentzat eta ekonomiarentzat. Orain ez da unea. Gauza bat da hausnarketa bat egitea, eta horrela egingo dugu aurten, eta egin behar da, baina ez da zergak igotzeko unea»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.